Jean Seignaleten Errejimen Hipotoxikoa, Atzinakoa edo Paleolitikoa
JEAN
SEIGNALET Montpellierreko mediku inmunologoak bere errejimena Burger,
Kousmine y Fradin-en proposamenen bidetik eraiki du. Frantzian "Regime
Seignalet" izenez da ezaguna, baina medikuak berak "Regime de
type originel, de type ancestral ou hypotoxique", deitzen dio eta
tarteka "paleolitikoa" ere bai.
Hona
bere oinarriak:
1.- Zerealak baztertu, arroza eta gari sarrazenoa izan ezik.
2.- Animalien esne oro eta beren eratorriak baztertu.
3.- Janari gordinak ahalik eta gehienetan.
4.- Oliba olio birjinak erabili, presio mekanikoz ekoiztutakoak.
5.- Produktu biologikoek dute lehentasuna.
JANARIZ
JANARI
1.- Zerealak:
- Labore moderno guztiak debekatzen ditu, berez mutazioen fruitu direlako,
eta egosi ondoren idortuak direlako. Antzinako labore basatiak baimentzen
ditu, gordinik edo 110 C azpitik egosiak baldin badira.
2.- Garia arriskutsua da, bere proteinen egituragatik eta beti egosia
delakotz. Irinez egindako produktu guztiak baztertu behar dira. Ogi integrala
are txarragoa da klasikoa baino.
- Artoa arriskutsua da, garia den hein berean. Berarekin egindako janari
guztiak baztertu.
- Garagarra, oloa eta zekalea gariaren familiakoak dira: baztertu horiek
ere.
- Arroza onartuta dago. Bere izakera prehistoriko eta basatiari eutsi
dio eta esperientzia klinikoak erakusten du oso gutxitan dela kaltegarri.
- Afrikako laboreez (artatxikia, sorgoa...) Seignaletek ez du iritzi finko
bat.
- Gari sarrazenoak on egiten die gaixoei eta baimenduta dago. Baliteke
sesamoa ere oso ona izatea.
2.-
Animalien esnea:
- Edozein animaliaren (behi, ardi, ahuntz...) esnea eta honen eratorri
guztiak (gurina, gazta, gaina, yogurra...) debekatuta daude.
- Sarri alderantzizkoa esan den arren, esnekiak kentzeak ez dakar kaltzio
gabeziarik: animalien esneek kaltzio gehiegi dute gizakien beharretarako
eta gure hesteek kaltzio guzti horren zati ttiki bat baino ezin dute barneratu.
Aldiz, leka, entsalada eta fruituek behar adina kaltzio eskuratzen digute.
3.-
Haragia:
- Haragia ona da gordina denean eta txarra kozinatua delarik, horra Seignaleten
irizpide orokorra. Jende asko haragia gordinik jateko gai ez denez, 110
C baino gutxiagotan laburki egostea baimentzen du. Okela konfiantzazko
saltzaile bati erosi behar zaio, eta biologikoa ez denean giharra hobetsi
behar zaio gizenari.
- Seignaletek behi, txahal, ardi eta zaldikiak hobesten ditu, gordin jaten
errezenak direlako (tartare edo carpaccio moduan adibidez). Eta gutxi
fidatzen da txerri, arkume, oilasko eta konejuen haragiez, batetik gordinik
nekezago jaten dierlako eta bestetik beren elikadura artifizialagoa delakotz.
4.-
Xarkuteriak:
- Txerriki gordinak baimentzen ditu (urdaiazpiko, saltxitxoi, saltxitxa,
xolomo, txorizo...) eta egositako xarkuteriak debekatzen (urdaiazpiko
egosia, patea, odolkia, etab.).
- Espreski aipatzen du salbuespen gisara foie-grasa (ahate edo antzararen
gibela), bere grasa oso ona delako osasunarentzako.
5.-
Arrautzak:
Gordinik onartzen ditu, eta kozinatuta debekatzen. "Uretan pasea"
(baina ez gogortua) onartzen du. Nahi izanez gero, zuringoa bota eta gorringoa
jateko dio.
6.-
Arraina:
Kozinatutako arrainak haragiak baino arrisku ttikiagoa du Seignaleten
ustez. Ahalik eta gordinen jatea aholkatzen du, eta japoniarren errezetak
aipatzen ditu horretarako. Arrainetan, zenbat eta kutsadura gutxiago jasan
eta zenbat eta basatiagoa izan orduan eta hobe: nahiago itsasokoak errekakoak
baino, eta itsasoan harrapatuak piszifaktoriakoak baino.
7.-
Itsaskiak:
Baimenduta daude. Eta gordinak badira (ostrak adibidez) horiek jateko
aholkatzen du.
8.-
Berdurak:
Denak daude baimenduta. Eltzean egos daitezke edo lurrin gozoan.
9.-
Legunbreak eta leguminosak:
Berdurak bezala baimentzen ditu, eta haiek bezala eltzean edo lurrin gozoan
egostea proposatzen.
Esnekien ordez sojazko esne eta yogurrak proposatzen ditu.
10.-
"Crudités" edo entsaladak:
Kopuru handitan jan behar dira. Azenarioak, onddoak, letxuak, eskarolak,
tomateak, iturribelarrak, meloiak...
11.-
Fruitu freskoak:
Kopuru handitan jan behar dira, eta denetatik.
Gaztaina egosia eta bere irina baimentzen ditu.
12.-
Fruitu lehorrak, kontserban eta abar:
Asko jateko aholkua ematen du: pikuak, almendrak, intxaurrak, hurrak,
olibak... Baina beti gordinik, inoiz ez erreak.
13.-
Bestelakoak:
- Seignaletek eztia eta polena gomendatzen ditu. Baita
legunbreen (soja, dilistak...) edo antzinako zerealen (gari sarrazenoa,
arroza...) ale erneak ere.
- Txokolatea neurrian jan behar da, azukre birfindua
daukalako. Ahal bada, txokolate beltza, biologikoa eta azukre integrala
daukana.
- Azukre zuria baztertu eta integrala erabili behar da,
mineralez eta bitaminaz askoz aberatsagoa delako.
14.-
Olioak:
Guztiek daukate azido linoleikoa. Seignaletek olioen artean hauek gomendatzen
ditu:
- oliba olioa, azido graso monoinsaturatuak dituelako.
- intxaur, soja eta koltzazkoak, azido alfa linolenikoa daukatelako.
- onagra eta borrajazkoak, azido beta linolenikoa daukatelako.
Baina olio orok birjina eta hotzean lehen presioan aterea izan behar du,
baliabide fisiko eta mekanikoz, eta inolako tratamendu kimikorik gabe.
15.-
Bizigarriak:
Denak daude baimenduta: gatza, biperra, ozpina, limoia, baratxuria, perrexila,
currya... Gatza urritzeko gomendioa egiten du, eta hau gatz osoa izan
dadila, ez birfindua.
16.-
Edariak:
- Iturriko urak eta ur mineralek oligoelementuak eta mineralak ematen
dizkigute.
- Azukre zuri asko duten edariak baztertzen ditu: sodak, zuku komertzial
gehienak.
- Garagardoa baztertzen du, garagarraren proteinak dituelako.
- Kafea eta dutia baimentzen ditu, gehiegikeriarik gabe.
- Atxikoria gomendatu egiten du.
- Edari alkoholdun guztiak baimenduta daude (garagardoa salbu): alkoholak
molekula sinplea izatean ez du ez autoinmunitaterik, ez butxadurarik eta
ez eliminazio arazorik sortzen. Zerealetatik eratorritako alkoholek beren
proteinarik ez daukate, distilatu egin dituztelako. Alkoholak odolaren
zirkulazioari mesede egiten dio. Eta ardoak erradikal libreak harrapatu
egiten ditu.
BESTE
GOMENDIOAK
- Janarien kozinatzea ahalik eta gehien saihestu. Jaki gordin
asko jan, eta egostekotan 110 C edo are 100 C azpitik egosi, lurrin gozoan.
Tenperatura horretatik gora (eta 200 C-tatik aurrera) mutajeno, Maillarden
zelula eta isomero ugari sortzen dira.
- Jaki gordinak jateak arrisku gutxi du. Janari bidezko pozoinketak normalean
sukaldeetan sorzten dira. Konfiantzazko saltzaile bati erosi behar zaizkio
jakiak beti, hori da babesik onena. Seignaletek parasitoen arriskuak garrantzia
ttikia duela uste du.
- Azido-basiko orekak garrantzi handia du gure hesteetan. Gaur gizakiok
janari azido gehiegi iresten dugu, eta gure soinak energia larregi gastatzen
du oreka berriro eskuratzen. Zerealak eta esnekiak kenduta, Seignaleten
errejimenak eragin alkalinizante sendoa du.
- Kontserbak baztertu egin behar dira, gehienetan kalitate gutxiko olioak
edo animalien koipeak dituztelako.
- Jaki keztatuak kontuz kontsumitu, nahiz eta prozesu horrek eragindako
kantzer arriskua ttikiagoa den kozinatzeak emango liokeena baino.
- Janari
izoztuek ez dute arazorik.
- Kasu janarietan diren ezkutuko iruzurrekin. Piku idorrak, adibidez,
oso onak dira baina askotan irinetan igurtzita datoz. Arroz opiletan sarri
beste laboreak ere badira, Seignaletek debekatzen dituenak. Eta abar luze
bat.
- Proteinak
mugatu: egunean behin jan.
- Ez
jan gehiegi: jangartsu bizi.
ERREJIMEN
HONEN NEURRI OSAGARRIAK
- Tabakoa utzi.
- Behar adina ariketa fisiko egin.
- Estresa ekidin. Lehen kausa izan gabe, estresa izan daiteke gaitz asko
martxan jartzen dituen arrazoia. Askotan bizimodua berrantolatu egin behar
da, estresa saihesteko, edo ezinbesteko estresak txukun kudeatu ahal izateko.
- Hartzigarri laktikoak hartu, hesteetako flora orekatzeko.
- Bitamina, magnesioa eta beste oligoelementuak hartu.
- Errejimen honek jarrera aktibo bat eskatzen du erabili nahi duenaren
aldetik (ez da erlijio baten moduko ezer): pertsonak ondo ulertu behar
izan du zein den bere osasuna hobetzeko gomendatu zaion jateko modu honen
arrazoibidea; eta bere burubidea eta borondatea erabili beharko ditu errejimena
zuzen erabiltzeko.
IZORRATEGI.ORG-EN
EGILEAREN ZENBAIT OHAR
- Seignaleten
Dietan urte batzuk zeramatzan espondilitisdun batengan frogatu dugulako,
esan dezakegu errejimen honi Almidoiaren ikuspegitik zuzenketa batzuk
egiteak asko hobetzen duela.
- Patata eliminatzea oso garrantzizkoa da: guretzako txarrena den almidoia
(gehien urtzen dena) dauka patatak. Eta industrian erabiliena bera da
gainera.
- Gauza bera gertatzen da gaztainarekin, almidoi asko duela alegia.
- Esnekiak eliminatzeari Seignaletek ematen dion garrantzira iritsi da
Almidoirik Gabeko Dietan den asko, esperientzia pertsonaletik.
- Fuituen artean, artritiko askok platanoak eragiten dion kaleta nabarmendu
du. Esplikazio bat izan daiteke fruitu hori oso berde biltzen dutela;
eta konponbidea, oso-oso heldua (azala hori-belztua duenean) jatea.
- Berdura eta legunbreen artean ere bakoitzak duen almidoi kopuruari begiratu
egin behar zaio. Horren barruan, espondilitiko bakoitzak dauka bere tolerantzia
maila. Babarrunek, dilistek, eta abarrek almidoi asko daukate. Baina leka
berdeek ere badute.
- Almidoi kopuru bera gordinik sanoagoa da espondilitiko batentzako jaki
hori egosi denean baino. Hori ere gaixo askoren esperientziak dio, eta
ondo ezkontzen da Seignaletek jaki gordinekiko duen zaletasun itsuarekin.
- Arroza kozinatzean, almidoiaren mekanismoa ezagutzeak gauzak beste era
batera egitera garamatza: arroz oso fibratsuak erabili, egosi aurretik
uretan ondo garbitu, egosi ondoren ur berotan pasa berriro (almidoi gehiago
kentzeko) eta ondoren erantsi bizigarriak.
- Behin errejimenean sartuta, janariez egiten den kontrolak pertsona bakoitzari
ematen dio bere arazo berezien ezagutza hobea. Horien artean egon daiteke
janariren batek alergia edo artritis erasoa eragitea. Adibide bat ipintzeko,
gune honen egilearentzako kristolako aurkikuntza izan zen jakitea tipula-porru-esparragoek
kalte egiten ziotela (ezin jakin seguru Frukto-Oligo-Sakaridoengatik edo
inulinagatik den).
|