lehen orrira itzuli
Ir a la página en castellano

Behi Eroen Gaixotasunaz Ebringerrek
proposatutakoez zenbait artikulu prentsan

BEHI EROEN GAIXOTASUNAZ Alan Ebringer doktoreak ikertu eta publikatutakoek -eta ikerketa horri Londresko Gobernuak bidea itxi izanaz ere bai- zenbait artikulu publikatu zituen prentsak bere garaian.

- Frantsesez, “Paris-Match”ek egin zion elkarrizketa dago. France 3 telebistan gaia jorratu zuen Jean-Jacques Peyraud kazetariak, baina bideoa ez dago eskuragai.
- “Daily Telegraph”en: “No need to panic over beef, claims ‘rebel’ BSE professor”.

- “BBC News-en”: “BSE ‘may never have posed human danger’. (BEE behar bada ez da sekula arriskutsua izan gizakiarentzako).
- Irlandako “Irish Times”en Andy Gales-ek: “CJD nothing to do with beef, claim” (Creuztfeldt-Jakob Gaixotasunak ez du haragiarekin zerikusirik, diote).
- “New Scientist” aldizkariak: “A bug in the soil might trigger both BSE and multiple sclerosis” (Lurreko bakterio batek abiarazi ditzake bai BEE eta bai Esklerosi Anizkoitza).
- Ebringerren idatziak aipatzen ditu –bestelako dokumentazio oso ugariren artean- Britainia Handian akabatu ziren 5 milioi behietatik %85 gutxienez arras osasun onean zeudela defenditzen duen www.warmwell.com abeltzainen aldeko guneak. Honek, noski, gaia alde zientifikoetatik haratago abereen hilketaren bidegabekeria salatzen du ozenki.
- "The Times" egunkarian Magnus Linklater kazetariak behin baino gehiagotan idatzi zuen honetaz. Artikulurik mamitsuena da “The theory no one wants to hear” (Inork entzun nahi ez duen teoria). Magnus Linklater kazetari eskoziarra (1942an sortua) ezaguna da egunkari askotan eta batik bat “The Times” eta “The Scottsman”en egin dituen lanengatik, eta idatzi dituen liburuengatik. Bere biografia Wikipedian irakur daiteke. Hemen eskaintzen da aipatu artikulu horren laburpena euskaraz.

Inork entzun nahi ez duen teoria
("The Times" egunkarian 2003ko irailaren 3an Magnus Linklater-ek publikatuaren laburpena)

Ehunka urteotan teoria zientifikoak frogatzeko zientzilariek zer egin behar duten badakite. Baina bada gaur egun teoria oso garrantzizko bat arau klasiko horiekin bat ez datorrena, eta hala ere Gobernuak egiatzat jota dauka, Britainia Handiko osasun politikaren muinean dago eta milaka milioi libra esterlina kostatu da, teoria horren izenean bost milioi abere akabatu dira, esportazioak debekatu hamar urtez eta oraindik ere herritar britainiarrak beldurrez daude okela jateko. Uste delako okela janez Creutzfeldt-Jakob Gaixotasunaren (CJG) mota berri bat harrapa daitekeela. Gobernuaren Nekazaritza, Abeltzaintza eta Inguruneko Departamentuak hala baieztatu du: “Behien Entzefalopatia Espongiformea (BEE) aziendetan gaixotasun beldurgarria da, Ogasunaren 4.500 milioi Libera kostatu zaio eta CJG dela medio 100 lagun baino gehiago hil ditu”.

Baina guzti hori ez da gauza segurua: 1) gertaerek ez dute teoria sustatzen Bacon-ek eskatzen zuen moduan; 2) gertaera guztiak ez dira osorik ikertu, Humek eskatu bezala; eta 3) alderantzizko gertakizun bat dago, Popper-en arabera teoria osoa hankaz gora jariko lukeena. Hona gertaera: Creutzfeld-Jakob Gaixotasunez gero eta jende gehiagok hil behar zuen XXI. Mende hasieran, eta alderantziz gertatzen da, heriotzak gutxitzen ari dira: 2002an 17, 2003an 12... Aldiz, teoria martxan jarri aurretik jan ziren milioika kilo haragik sekulako hondamendia ekarri behar zuen, eta ez da hala suertatu. Ez al da teoria berrikusteko garaia?

Ixiltasuna da nagusi, ordea, bai egunkarietan eta bai zientzilarien artean. Okerrago dena: zientzilari bakarra dioena teoria hau oker dagoela eta daukana oso bestelako ikuspegia, zientzilari hau dirurik gabe utzi dute eta bere lana bukatutzat eman zaio. Zientzilari hori Alan Ebringer da, immunologilari australiarra, urte horretan bertan Royal Society for the Promotion of Health-en Urrezko Domina jaso zuena... zergatik eta BEEri buruzko bere ikerketengatik! Eta AEBetako zenbait erakundek sustatuta Esklerosi Anizkoitza ikertzen segitzen duena.

1988ko udan Ebringerrek telebistaz ikusi zituen gaitzak jotako behi batzuen irudiak, eta ohartu zen beren dardarek –atzeko hanken ataxia- Esklerosi Anizkoitza duten gaixoek dituztenen antza zutela. Albiste haietan esaten zen animaliak eritu zirela beren janaritan kutsatutako haragi eta hezurrak nahastu zizkietelako (kanibalismo klase bat, azken finean).

Ebringer immunologian da aditua, eta ikuspegi horretatik hasi zen lanean berehala. Nekazaritza, Arrantzu eta Elikadurako Ministeriora (MAFF, ingelesezko sigletan) jo zuen eta honek ikerketa-pilotoa enkargatu zion, BEEz kutsatutako abere batzuen laginak eman zizkioten. Horiek testeatu zituen zenbait bakteriorekin, eta azaldu zen bat akabatutako behien odoletan errekazioa eragiten zuena: Acinetobacter. Bakterio hau ezagutu zen Vietnamgo gerran, hango guduketetan zauritutako soldaduek zekartelako. Ebringer eta King's Collegeko ekipoaren esperimentuetan, BEEz kutsatutako laginek erreakzionatu egiten zuten Acinetobacter bakterioarekin, baina osasun oneko abereen odolek ez. Hortik atera zuten kontua BEE immunitateari lotutako gaitza izan zitekeela.

MAFFeko agintariek garrantzia handia eman zioten aurkikuntzari, eta esperimentuaren bigarren atala enkargatu zioten Ebringer doktorearen taldeari. Honen ondorenerako ikusten baitzen posibilitatea BEE edukitzeko susmotan ziren abereei akabatu aurretik egiteko moduko test bat asmatzeko. Bigarren ikerketaren helburua lehenengo fasean aurkitutakoa zuzen esplikatzea izango zen.

Emaitza 2002ko otsailean presentatu zion Ebringerrek Entzefalopatia Espongiformeari buruzko Aholku Batzordeari (SEAC, ingelesezko sigletan). Gobernuari zein ikerketa programa subentzionatu aholkua ematen dion epaimahai hau 30 kidez dago osatuta. Sir David King zen Gobernuaren zientzilari nagusi. Bilkura hartan Ebringerrek bere aurkikuntzak erakutsi eta argitu zituen, eta proposatu zuen hurrengo fasean sartzea: bost urte iraun behar zuen eta urteko 200.000 Libera kostako zen.

Baina gaizki pasatu zen bilera. Epaimahaikoek esan zuten Acinetobacter-en teoriak ez zuela aski mami, posible zela burmuineko kalteen erruduna izatea baina ez gaixotasunarena. Honela idatzi zuten: “Ebringer profesoreak oso ikuspegi mugatua dauka bere teoria uztartzerakoan beste zientifiko talde izugarri zabal batek gai honetan ikertu eta erakutsi dutenarekin, hauetako askok gaixotasun horien kausei buruz konklusio oso ezberdinak dauzkatelarik”. Eta zeintzuk dira “konklusio oso ezberdin horiek”?

SEACeko kideek aditzera ematen zuten haietako gehienek eta munduko beste askok uste dutela BEE prioiak deitzen diren molekulek eragiten dutela. Prioia Stanley Prusiner estatubatuarrak ezagutu zuen lehenbizikoz, eta aurkikuntza horren merezimenduz Nobel Saria eman zioten 1997an. Prusinerren aurkikuntzari lotu diote gobernuek BEE eta CJG. Berak proposatu zuen eraldatutako prioiek burmuina infektatzeak eragiten zuela BEE, hau gizakiari kutsa dakiokeela haragia jateagatik, eta hurrengo urteetan CJG epidemia egongo zela.

Gertatu zen BEE epidemiaren ondoren CJG mota berri bat ezagutu zela, gazte jendea unkitzen duena, eta SEAC erakundeak berehala lotu zuen hori prioiaren teoriarekin. Ez zegoen horren frogarik, baina gobernuak erabaki zuen neurri zorrotzak hartzea eta debekatu egin zuen haragi hezurduna saltzea. Komunikabideek lagundu zuten gaia sinplifikatzen (“Haragia jateak CJG ekar dezake”) eta Britainia Handiko behiki industria osoa hankaz gora joan zen.

Prioiaren teoriaren nagusitasuna dela medio, Ebringerren ikerketa ildoa moztuta gelditu zen. Ez zen ixilik geratu, hala ere, ikerlari zaharra. Esan zuenez, komiteak frogarik gabe baztertu zituen bere aurkikuntza nagusietako batzuk. Esklerosi Anizkoitzaren inguruko ikerketei ezikusia egin zien. Eta Ebringerren tesiak okerrak baldin baziren, SEACeko zientzilariek esplikazio alternatibo bat behar zuten. Zeren eta norbaitek esplikatu beharko baitu zergatik gertatzen den Acinetobacter bakterioen erreakzioa, ikerlanak demostratu zuena.

Edozein gisaz, Alan Ebringerrek lanean segitzen du. AEBetako zenbait unibertsitatek interes handia daukate Esklerosi Anizkoitzaz egiten dituen ikerketetan. Ebringerrek uste du gaixotasun horrekin zerikusirik baduela sinusitisak, esklerosia duten eri askok sufritu dutenak. Alde horretatik, Esklerosi Anizkoitza eta Creutzfeldt-Jakob Gaixotasuna oso antzeko ikusten ditu. Areago: aurrikusten du elkarri oso lotuta daudela. Puntu honetan onartzen du espekulatzen ari dela, baina arrazoi balu eta biak mikrobio batek eraginak direla demostratuko balitz, orduan posible litzateke gaixotasuna artatzea... baita sendatzea ere gaur sendabiderik ez duten gaitzok. “Hau lortuz gero, Nobel Saria mereziko luke” idatzi du Magnus Liklaterrek bere artikuluaren bukaeran.

GORA ITZULI