lehen orrira itzuli
Ir a la página en castellano

HLA-B27 daukat eta harro nago

Espondilitisa dugun ala ez konfirmatzeko -bestelako erradiografia eta azterketen ondoren- odol analisi berezi bat egin izan digute: ea HLA-B27 taldekoak garen begiratu dute. Normalean Espondilitisa daukagun gehienak -%90a- hala garela frogatuta dagoelako. Frogak "negatiboa" eman dien horietako askori bigarren froga eginez gero, beraiek ere positiboak direla aterako litzateke, analisi honetan akats asko egiten direlako. Baina zer da HLA-B27 kontu hori?

Honetaz ideiarik eduki gabe, batzuei entzungo diezu "odolean" daramagula gaitza, beste batzuei akats genetikoa dela, gurasoetatik semealabengana pasatzen dela, eta beste horrelako. Ez bada, oso bestelako kontu bat da, eta merezi du ezagutzea.

Hasteko, HLA sistema bat da eta gizaki guztiok daukagu. 1965ean deskubritu eta "Human Leukocyte Antigen" bataiatu zuten. Ez du zerikusirik odol tipoarekin: HLA sistema inmunologikoarekin dago lotuta, hau da, gaitzetatik babesten gaituen sistemarekin. Arazoa sortzen da gaitzetatik babesten gaituen sistema hau oker funtzionatzen hasten denean, eta -espondilitisa dugunoi eta beste gaixo askori gertatzen zaien moduan- defentsa sistema bere buruari erasotzen hasten denean.

HLA sistemaren ezagutza garrantzia handikoa izan da medikuntzan transplanteetan aurrera egiteko, horien aurrean hesi gogorra ezartzen baitute organoen errefusatzeek. Gai hauetan aditua izandako Jean Seignalet transplanteetan aintzindari izan zen eta ondorioz inmunologo jakintsu ere bai; ez da harritzekoa beraz haren iritziak inportanteak izatea inmunitate arazoak ditugun artritikoontzako. HLA gene eta molekulak estu lotuta baitaude erantzun inmunitarioarekin eta gaitz auto-inmuneekin.

HLA geneak gizakion 6. kromosoman daude bilduta. Gurasoengandik heredatzen dira gene horiek. Ez du esan nahi hala ere gurasoetako bat HLA-B27 baldin bada semea edo alaba hala izango denik automatikoki; hori bai, beste guraso batzuen haurrek baino probabilitate handiagoa izango dute. Bi taldetan banatzen da HLA. Lehenengo HLA motan daude A, B eta C; bigarrenean DR, DQ eta DP. Horien barruan izugarrizko aniztasuna dago. Gure taldean bakarrik, B-27 tipoan, badaude 11 klase.

HLA sistemak bi modu oso desberdinetan eragin dezake berarekin zerikusia duten gaitzetan. Batzuetan, HLA sistemak akatsen bat duelako gertatzen da gaitza; hau II. motako HLArekin gertatzen da. Baina gure problema ez da gure HLAk akatsen bat duela edo horrelako ezer, espondilitisa eta beste gaitz asko beste modu batera daude lotuta HLA kontuekin: auto-inmunitatearekin dago lotuta espondilitisa, eta hau gertatzen da I. motako HLArekin. Argitu dezagun gehixeago.

Hasteko, maiztasun kontu bat dago. 1972tik demostratu da auto-inmunitate arazo gehienak HLA batekin edo bestearekin daudela lotuta. Hau da: HLA jakin bat duten pertsonek (gurean, B27koa dugunok) beste HLAk dituztenek baino probabilitate handiagoa dutela halako edo bestelako gaitza edukitzeko. Ai, baina gaitz horiek dituzten gehienei HLA froga egiten ez zaienez... ez dute sekula jakingo, guk dakigun bezala. Adibidez, artritis (edo poliartritis) reumatoidea dutenen sintomak hain dira garbiak ezen eta ez baitzaie odoleko froga egingo; bestela, jakingo lukete ziurrenik HLA-DR4, DR1 edo DR10ekoak direla. Eta horrela berdin, beste hainbat auto-inmunitate arazoak dituztenek. Aldiz, Espondilitisa daukagunoi odoleko froga hori egiten digute, beste gaitzekin ez nahasteko eta diagnostiko definitiboa egiteko inportantea delako.

Espondilitisaren eta HLA-B27aren arteko harremanera itzulita, talde horretan dauden 11 tipoetatik 2, 4, 5 eta 7ak dute harremana gure gaitzarekin. Hau da, HLA mota horretakoak garen gizakiok gainerako gizakiek baino probabilitate handiagoak ditugu Espondilitis bat edukitzeko. Beste tipoek ez dute horrelakorik. Adibidez, Afrikako beltzetan diren HLA-B27ak 3 subtipokoak dira, eta horregatik kasik ez dago espondilitisik populazio horietan.

Orain, esan dugu inmunitate sistema gure soinak eritasunetatik babesteko duen mekanismoa dela. HLA gure defentsa tresna da. Horregatik, HLA-B27a dugunok espondilitisa edukitzeko aukera handiagoak ditugun bezala, beste gaitz batzuetatik hobeto gaude babestuta. Adibidez: bada medikuntzako dokumentazioan hainbat ikerketa erakusten duena HLA-B27a dugun gizakiok besteek baino hobeto gainditzen ditugula gripea, baztanga, HIESA eta birusek eragindako beste zenbait gaitz.

Hain zuzen, fenomeno horrekin lotuta ulertu dute zenbait ikerlarik eskimalen eta Ipar Ameriketako indiarren artean gertatzen den bitxikeria: nola ulertu HLA-B27ko pertsonak Hego Europan populazioaren %4a eta Ipar Europan %10a direnean, eskimal eta amerindio batzuen artean %40 edo %50 izatea? Kanadako Haida indiarren kasua ezagutzen dugu ondoen: XIX. mendean beren lurretan gizaki zuriak sartu zirenean, hauek ekarritako gaitzek sekulako jende pila hil zuten, eta zenbait aztertzailek horrekin lotzen du orain bizi direnen artean HLA-B27 taldekoak hain ugariak izatea, europarren gaitzei ondoen aurre egin zien HLA taldekoak direlako.

Baina beste gai batekin ere lotzen da aurrekoa. Nola da posible eskimalen artean hain HLA-B27 kopuru handia egonda ia espondilitisik ez izatea? Bai Alan Ebringer doktoreak (ikusi Klebsiella Connection atala) eta bai Jean Seignaletek (ikusi Seignaleten ikuspegia) diote talde horien egoera horretan aldaketak etorri direla elikaduraren aldatzearekin batera: eskimalek ez zuten zerealik eta esnerik kontsumitzen duela gutxi arte, eta orain Dieta Paleolitiko haren lekuan Mendebalde osoko janariak zabaltzen hasi direnean, espondilitisa bezalako gaitzak ere nozitzen hasita daudela.

Gai honek Euskal Herrian badu beste helduleku interesgarri bat ere. Europako populazioen artean euskaldunok zenbait berezitasun genetiko baditugula gauza jakina da. Badira gure artean Espondilitisa eta beraz HLA-B27aren intzidentzia aztertzen ari diren profesionalak eta taldeak. Agian egunen batean horiek emango digute beren aurkikuntzen berri. Adibidez: belaunaldi askotan euskaldun izan diren familietako herritarren artean eta azken mendean kanpotik etorritakoen umeak direnen artean ba ote den espondilitis kopuruetan ezberdintasunik. Apustu egingo nuke (euro bat gutxienez) baietz.

Bukatzeko, hona zenbait ideia. Batetik, gainerako HLA bat dutenak bezala, gaitz batzuen aurrean gogorragoak gara eta beste batzuen aurrean ahulagoak. Bestetik, atal honetan zehar "probabilitate handiagoa" esan dugu behin eta berriro: HLA-B27koak diren % 90ek edo gehiagok ez du izango espondilitisik sekula. Hau inportantea da. Horrek erakusten du HLA jakin batek ez gaituela ez gu eta ez gure ondorengoak kondenatu gaitz honetara. Eta baita ere Espondilitisa HLA ez den beste zerbaitek piztu duela; horra gure gaitza infekzioekin lotzen duten teorien garrantzia, eta konponbidea ere horri lotuta (dietarekin, estea zaintzeko estrategiekin, bakterioak eta onddoak akabatzeko neurriekin) planteatzearen garrantzia.

Bestetik, gure seme-alabei HLA-B27aren froga egin ala ez eztabaida ateratzen da beti mahai gainera. Horretan nire iritzia klasikoekin batera doa: horrek azken froga izan behar du, eta soilik egin behar da ikusten badugu Espondilitisa (edo honekin elkartutako beste gaitz inflamatorioren bat, iriti, hesteetako inflamazioa, psoriasia...) dela eta gainerako beste analisiek hori pentsatzera baldin bagaramatze. Beraz, gaisotasun bat egon dadila eta diagnostikoa martxan jarrita. Eta orduan, HLArena azken froga, ez hasierakoa, beste edozein eritasunen aurrean baldin bagaude diagnostikoa ez distortsionatzeko. Eta gure haurrek ez baldin badute gure gaitz horietako bat edukitzeko itxurarik, alferrik da kontu honekin obsesionaturik bizitzea.

HLAren gai polit honetaz gehiago jakin nahi izanez gero, merezi du begiratzea 2002an Kickas gunean izandako eztabaida aberatsa.

GORA ITZULI