lehen orrira itzuli
Ir a la página en castellano

Mézières-Ripodas terapia fisikoa

Ariketa fisikoa garrantzi handikoa da EA daukagunontzako, bai oinez ibiltzea edo igerian egitea eta baita gure ariketa fisiko bereziak zorrotz betetzea ere. Baina horiek planifikatzen hasita, giltzaduretako gaitz kronikoak ditugunontzako interes berezia dauka Françoise Mézières fisioterapeuta frantsesak eraiki zuen teoriak (Atzeko Giharreen Kateaketa deitzen dena) eta esplikazio honen arabera antolatutako erlaxazio eta ariketa fisikoen metodoak. Mézièresek formulatutako printzipioek oso zehatz esplikatzen dituzte gure oinaze asko eta urteen poderioz metatu ditugun kalte mekaniko ugariak. Eta horrekin batera, errehabilitazio planetan sarri agintzen zaizkigun ariketak baino lan sistema egokiagoa proposatzen du. Horregatik erabiltzen dute hainbeste delako "metodo mezierista" munduko hainbat fisioterapeuta eta kinek.

Nekane Ripodas Alzuetaren "Guía de aprendizaje para la reordenación de la postura. Autoayuda para problemas musculares" liburua urrea da guk bezala egunero etxean bakarka (eta astero edo hilabetero profesional on baten gidaritzapean) lan fisiko oso zehatza egin behar dugunontzako. Liburu horretan bildu du Nekane Ripodasek urte askotako jarduera profesionalean landu duen fruitu teorikoa: Mézièresen metodoaren gainean garatu duen sistema propioa. Iruñean egiten du lan prestijio handiko emakume nafar honek. Eta bere liburuari esker, EAk jipoituta daukan pertsona batek gauza bat baino gehiago eskuratzen du: hasteko, kalte mekaniko eta sekuela askoren esplikazio teoriko oso zehatza eskaintzen dio egileak; eta bestetik, etxean bakarka burutzeko lan eskema bat, beharrezkoak diren epeetan emaitza onak lortzen lagunduko diona. ("Mézières-Ripodas terapia fisikoa" hemen asmatutako kontzeptua da, hainbeste lagundu didaten Nekaneri berari eta bere ikasle-sozio Joseani nire esker ona azaldu nahian).

Liburu asko idatzi da Françoise Mézières eta bere ideien eta metodoaren gainean. Interneten bilaka hasiz gero, hemen ere presentzia oso handia dauka. Web guneen artean batzuk hautatu ditut nik. Joel Carbonell-ek aurkezpen oso ona eskaintzen du, ingelesez: The Mézières Method: a revolution in manual therapy". Frantsesez ere bada aurkezpen orokor bat, Kiné-services.com zerbitzuarena, askoz eskematikoagoa. Gazteleraz, Strasbourgeko Collège International des Praticiens de Reconstruction Posturale elkarteak dauka ipinita "Introducción a la Reconstrucción postural, Mézièresen ideien gainean bere ondoren eraiki diren eskoletako baten planteamendutik.

Beste eskola bat Mézièresen ikasle izan zen Souchard-ek sortutako RPG delakoa da, ("Reeducación Postural Global" gazteleraz); patente horrekin ari dira lanean Europan zenbait fisioterapeuta eta zentro. Bilboko Instituto de Terapias Globales de Bilbao delakoak eskaintzen du horretaz informazio asko. Gorago aipatu dugun Strasbourgeko College International des Praticiens de Reconstruction Posturale delakoak Mickael Nisand-en ildotik egiten du lan. Eta Mézièresen beste ikasle batek, Thérèse de Bertherat-ek, Antigimnasia, izeneko kontzeptua sortu zuen, bere metodologia osoarekin munduan oso zabalduta dagoena. Bertheratek bere liburuetan, eta zehazki "La guarida del tigre" famatuan eskema mezieristaren barruan aportazio interesgarriak egiten ditu; horietako batzuk oso teorikoak dirudite (abstraktoegiak edo literarioak direla esango dute askok) baina ohiko errehabilitazio plan askotan lortzen diren baino fruitu hobeagoetan mamitzen dira gero horiek praktikan.

Ez da ahaztu behar, hala ere, emaitzen eta hobetzearen erritmoak zenbait baldintzaren mende daudela: gutako bakoitzaren egoera, eguneroko lan fisikoan dugun disziplina eta konstantzia... eta dudarik gabe, gidari daukagun fisioterapeutak gizaki aldetik bezala maila profesionalean daukan kalitatea.

 

GORA ITZULI