|
|
||||||
Charles Mraz-ek nola erabiltzen zuen erleen pozoia Erlearen pozoia artritisetan XX. mendean erabili dituztenen artean famatua eta klasikoa da Charles Mraz. Ez zen medikua baina sendagile amateur moduan sekulako fama izan zuen Amerikako Estatu Batuetan. Erlezaina zen eta ez idazlea, eta 80 urteak ondo pasata zeuzkanean idatzi zuen bere liburu ezaguna: "Health and the Honeybee". Charles Mraz 1905ean jaio zen New York hirian, orduan soro eta zelaiez inguratuta zegoen Queens auzoan. Hamalau urterekin erosi zuen lehenbiziko erlauntza. Gero, garai haietako gaztetxo gehienek bezala, lanbide eta fabrika bat baino gehiago ezagutu zituen. Baina zelai zabalen ametsez bizi zenez, 20 urterekin erlezain handi batekin hasi zen lanean. Beranduago Vermont aldera jo eta han sortu zuen bere enpresa propioa, Champlain Valley Apiaries, eztigintzan zentratua. Fundatzailearen izen bera daraman biloba da orain lantegiko zuzendari. Charles Mraz 94 urterekin hil zen, 1999an. Bere liburuan Mrazek kontatu duenez, txikitatik entzun zizkien erlezainei eztiaz eta ezkoaz gain erleak dituen bertuteak: erlezainek ez dutela artrititisik harrapatzen, erlezainik ez dela hiltzen kantzerrez... Medikuntzak garai haietan oinazeei konponbide handirik eskaintzen ez zienez, horrela hasi zen Mraz beregana jotzen zuten gaixo erreumatiko desesperatuei laguntzen. Mrazek berak Sukar Erreumatikoak izan zituen eta horrek -artean ez baitzen horren eragilea den Estreptokokoa hiltzeko penizilinarik- utzi zizkion ondorio bezala bihotzeko balbuletako eritasuna eta bi belaunetako oinazeak. Lanik egin ezinean zebilela eta, azkenean bere buruari ere apitoxina aplikatzea erabaki zuen, bi belaunetan, eta errotik sendatu zizkion. XX. mendeko apiterapeuta handienetako bat ezagutu zuen New Yorken: "The Bible of Bee Venom Therapy" idatzi zuen Bodog F.Beck mediku hungariarra. Hau I. Mundu Gerraren ondoren joan zen Estatu Batuetara bizitzera, eta han praktikatu zuen Apiterapia, 1942an hil zen arte. XIX. mende bukaerako eta XX.eko hasierako mediku apiterapeuta famatuak ezagutuak zituen, eta ikasi eta esperimentatu zituenak bildu zituen 1935ean publikatutako liburu honetan, azpititulu hau ipinita: "Bee Venom, its nature, and its effect on arthritic and rheumatoid conditions". Mrazek ordu asko ematen omen zituen doktore hungariarrarekin 1930ko hamarkadan New Yorkeko Manhattaneko bere bulegoan; apiterapiarako erabiltzen zituen erlauntzak ere Mrazek eramaten zizkion. Mrazek beti aitortu du dakiena Bodog F. Becki zor ziola, eta honena dela oraindik ere terapia honetaz idatzi den libururik onena. Hura hil eta gero, beste mediku apiterapeuta famatu batekin izan zuen harreman handia: Joseph Broadman-ekin. Honek beste liburu klasiko bat dauka plazaratua: "Bee Venom. The Natural Curative for Arthirits and Rheumatism". Charles Mraz bere tarte libreetan -erlezaina zen bera, ez terapeuta- erleekin gaixoak artatzen hasi zen garaian, mediku askok zeuzkaten itxaropen handiak jarrita erleen pozoian. Europan sendagile askok erabiltzen zuten. Gero, II. Mundu Gerrak eten zituen Ameriketako eta Europako -funtsean apiterapia oso indartsua zen mundu germanikoko- medikuen arteko harremanak. Gainera, handik laster zabaldu zen min ororen kontrako mirakuluzko botika izan behar omen zuena: kortisona. Dena omen zuen on kortisonak, eta inolako kalterik ez. Gaur kortikoideez dugun esperientziarik ez zuten orduan, noski, eta erabiltzen zituzten kortisonak ez ziren gaurkoen berdinak, hori ere egia. Charles Mrazek bere familian izan zuen aukera hori nozitzeko. Bere emazte Letty-k kantzerra zeukan, bularretik operatu eta erradioterapia eman zioten eta geroztik ondotxo moldatzen omen zen, urteroko kontrolak pasatuaz. Baina urte batean, ospitalean gerarazi zuten, kantzera errotik sendatu behar omen zion mirakuluzko kortisonaz tratatu zuten, eta laster hil zen. Mrazi betirako geratu zitzaion akuri edo "ginea pig" bezala tratatuak izanaren sentimendu mikatza. Esan beharrik ez dago kortisonaren arerio geratu zela betirako. Charles Mrazek liburuan bere bizitzako pasarte horiez gain, berak erleen pozoia erabili zuen lau osasun arazoz mintzatzen da luzeago: kantzerra, esklerosi anizkoitza, artritis traumatikoa eta artritis kronikoa. Hemen euskaratu dudana artritis kronikoari dagokiona da, hau da, poliartritis edo artritis erreumatoideoa batetik eta espondiloartropatien taldekoak bestetik. Osorik euskaratu dut "Getting started" atala, "Has gaitezen" esan dezakeguna euskaraz. Erleen
pozoia jartzen has gaitezen (Charles Mraz) Erreumatismoekin 60 urtez lan egin ondoren, niri ez zait gehiegi axola izaten ea zein artritis mota daukan pertsona batek, ezta artritikoari ere ez. Oinazearen eta ezintasunaren mendetik askatzea baizik ez zaie interesatzen artritikoei. Hala ere, gaixotasun erreumatikoak nolabait klasifikatu beharra dago, gero horietan Erleen Pozoizko Terapia (Bee Venom Therapy, BTV ingelesez) modu eraginkorragoan usatzeko . Nik lehendabizi erabakitzen dut ea akutua den ala kronikoa. Akutuak dira bapatean sortzen diren oinaze eta minak, baina oso gogaikarriak direnak, hala nola tenistaren ukalondoa, tendinisa, bursitisa, gota eta gerrialdeko oinazea. Arazo akutuok isolatuak izan ohi dira. Hau da, ukalondo batek egiten du min eta ez besteak, edo orkatila batek, sorbalda bakarrak, eta abar. Kasu hauek azkar eta arrakastaz erantzuten diote tratamenduari. Askotan oinazea ez da gehiago azalduko artatatu den leku horretan. Eta azaltzen bada, Erleen Pozoizko Terapiak lehenbizikoan baino are nabarmenago sendatuko du. Poliartritis edo Artritis Erreumatoidea eta Osteortritisa kronikoak izan ohi dira. Mantxo garatzen dira eta nekezago alibiatzen dira. Artritis erreumatoidea gehienetan eskuetako eta oinetako minekin hasten da, sarrienik emakumezko gazteetan. Baina abiada bizian ere garatu daiteke, eta gauetik goizera elbarritu pertsona. Erakar ditzazke, baita ere, kaltzifikazio gogorrak giltzaduretan eta hauek betirako deformatu. Osteoartritisa da pertsona gastatuen eta zahartuen artritis tipikoa. 40 urtetik aurrera ia pertsona guztiek garatzen dute osteoartritisen bat, izan daitekeena nahiko samurra gogaikarri gertatu arren, edo berdin askoz serioagoa eta minak eta gogortasunak eragiten dituena. (Itzultzailearen oharra: ingelesez "osteoartritis" izendatzen dute gure artean gehienbat "artrosi" deitzen den gaitza). Beste eritasun gogor bat da Espondilitis Ankilopoietikoa, gehienik gizonezko gazteak unkitzen dituena. Holakoetan bizkarrezurra pixkanaka kaltzifikatu egiten da eta eria iritsi daiteke pertsona makurtuta uzteraino. Bularra eta lepoa kaltzifikatuz gero pertsona horrek mugimendua galduko du. Eta okerragora joz gero, aldakak ere josi dakizkioke eta orduan pertsona horrek bizkarraldearen mugimendua ia osorik galdu du. Esku artean neukan artritisa zein motatakoa zen jakiteaz gain, erleen eztenak aplikatzeko metodo bat garatu beharra neukan. Hasiera batean hasi nintzen adiskideei eta bizilagunei erle eztenak ipintzen neronek nire sukar erreumatikoaren kontrako borrokan egin nuen moduan: eta besterik gabe eztenak ipintzen nituen eritasunak kalteturik zeuden soin ataletan. Aldiz, ezagutzen nuen gizon batek planteamendu sistemiko batez jokatzen zuen eta kaltetu gabeko ataletan jartzen zituen erleak, artritisak jotako giltzadurak sendatzeko. Gogoan dut gizon hark zangoak zeuzkala oso hondatuak eta berak bere burua artatu zuela erle eztenak ipiniz eskuetan eta ez beste inon. Azkenerako erabat sendatu zen zangoetako artritisetik. Hala ere, ohartu nintzen jendeak emaitza hobeak eta azkarrago lortzen zituela eztenak zehazki kaltetutako ataletan ipiniz gero. Era berean, ikasi nuen kaltetutako atalaren inguruan nire hatz lodiarekin zapatzen banuen, modu horretan aurki nitzazkeela xehetasun handiz non zegoen gune oso mingarria. Orain badakit puntu mingarrien horiek, nik "trigger point" edo puntu puntu minberak deitzen ditudan horiek, pare bat zentimetroko diametroa duten areak direla. (Itzultzailearen oharra: "trigger" arma baten katua da, tiroa eragiten duena. Badirudi "trigger point"ek iradokitzen dituela oinazeetan katuaren lana -hau da, tiroa edo eztanda eragitea- betetzen duen puntu edo gunea. "Katu" edo "su-giltza"-"su-gako"k ordea ez dute ingelesezko kontzeptuaren eta gaztelerazko "puntos-gatillo" formularen indarrik. Horregatik, eta puntu horiek non dauden beren minberatasunak adieazten dutelako, erabaki dut "puntu minberak" eta "txoko minberak" usatzea). Horiek bilatzeko nire erpuruarekin gogor eta mantxo egiten dut kalka larruazalean. Ziztada edo kolpe azkar batek ez du ezer erakusten. Aldiz, irmo eginez presioa jakin daite non dauden kokatuta puntu minbera horiek, zenbateraino den mingarria eta noraino dagoen zabalduta artritisa. Puntu minbera bat aurkitu orduko, marka txiki bat egiten dut arkatzarekin-edo eta marka horietan ipiniko ditut gero eztenak. Erleen Pozoizko Terapia erabiltzen urte batzuk neramatzalarik, akupunturaren aipamenak iritsi zitzaizkidan. Osatzeko metodo hori ehunka urtez praktikatu da Txinako medikuntzan. Hala ohartu naiz "trigger point" edo puntu minbera horiek gorputz osoan daudela kokatuak, funtsean nerbioen bidezidorretan. Txinatarrak konturatu ziren gorputza sendatu daitekeela gaixotasun askotatik nerbioen pasabide horietako puntu jakin batzuk orratzekin estimulatuz. Nahiz eta orratzak usatzen diren akupuntura tradizionalean, laserra, hatzen bidez egindako presioa, masaia, injekzioak eta korronte elektrikoa ere erabiltzen dira. Erleen eztenak eskaintzen du orratzaren eragin mekanikoaren antzekoa, horri gehituz pozoiaren eragin farmakologikoa. Berehala ohartzen zen bat Erleen Pozoizko Terapiak eta akupunturak konbinazio perfektoa osatzen dutela. Beste hau ere ikasi nuen: artritiko batek bere gaixotasuna zenbateraino dagoen zabalduta azaltzerik ezin dudala espero. Artritiko gehienak saiatzen dira beren minak estaltzen edo horiei ezikusia egiten. Beraien ustez artritisak jota dauzkate oinaze handienak sentitzen dituzten puntuak, ez dituzte aipatzen min gutxiago egiten dietenak. Puntu minberak aurkitzean ohartzen naiz ni beren artritisa noraino dagoen hedatua. Puntu minberez gain, beti ziztatzen ditut horiei lotutako beste puntuak soinean barrena. Horretarako, nahiko emaitza ona erakutsi didaten arau oinarrizko batzuk jarraitu izan ditut. Adibidez, gaitzak jota baldin badaude lepoa, sorbaldak, besoak, ukalondoak, eskumuturrak eta eskuak, orduan bizkarrezurraren goiko aldean ere egiten ditut ziztadak. Horrelakoetan txoko minberak aurkitzen ditut bizkarrezurrean edo honen alboetan, garondotik hasi eta beheraka sorbalden arteraino jaitsiz. "Trigger point" edo puntu minberak aurki daitezke belarri atzean edo buruhezurraren inguruan, bizkarrezurreruntz jota. Aldiz, gaitzak kaltetutakoak baldin badira gerri aldea, aldakak, izterrak, belaunak, orkatilak eta oinak, orduan bizkarrezurraren behekaldean egiten ditut ziztadak. Puntu minberak aurki daizte gerrialdean bizkarrezurraren gainean edo alboetan eta sarritan horietatik irradiatuko dute beheruntz, aldaketatik oinetaraino. Metodo honen arrakastaz aspaldi jabetu nintzen, "Joseph" izeneko baserritar bati sendatzen lagundu nionean. Oilaskotan ari zen eta atritisak jota zeuzkanez belaunak, ezin zituen kamioira jaso zaku pentsuak. Aste batzuetan erle eztenak jarri nizkion belaunetan, baina ez zuen hobera egiten. Bere gerri aldean bilatu eta puntu minbera batzuk aurkitu nizkion, belaunekin batera erleek zizta ziezazkioten. Gerrialdean ziztatzen hasi eta laster, belaunek hobera egin zioten eta kamioira inolako minik gabe igotzen hasi zen berriro. Edozein pertsonak erleen ezten bakar bat hartu aurretik, ordea, lehenago egin beharra dauka Erleen Pozoiarekiko sentsibilitatearen proba. Hau egiten da pozoiaren dosi txiki bat sartuz; alegia, eztena ziztatu eta larruazalean oso segundu gutxitan edukiz. (Itzultzailearen oharra: apiterapian ari diren beste askok eztena sartzen dute oihal edo sare estu batetik pasaraziz; horrela eztenaren puntta besterik ez zaio sartzen gaixoari, eta denak seguruago daude alergia posible baten aurrean. Gainerakoan, benetaz ziur egoteko, erle kontuekin hasi nahi duenak medikutara jo eta Erlearekiko alergiaren proba egin behar du. Benetan alergikoa dena ezten bakar batek hil baitezake). Eztenak eragiten duen mina hein handi batean gutxitu daiteke aurretik larruazala zurminduz gero. Horretarako erabili daiteke edari poto hoztua edo oihaletan estalitako izotz koxkorra, minutu batzuetan larruazala hoztu dezan, eztena jarri aurretik. Nik gehienetan probako eztena kokatzen dut puntu minberetako mingarrienean. Gezurra dirudi baina eztenkada honek eragiten du hobetze txiki bat eta aditzera ematen dio artritikoari zenbat lagundu diezaziokeen Erleen Pozoizko Terapiak. Probako ezten hori atera ondoren, 15-20 minutuz itxaroten dut, ikusteko ea badagoen alergia sintomaren bat, batez ere negalen bat gorputzean, edo begiak malkotzea, azkurak larruazalean eta eskuetan, edo begi eta ezpainetako hanturak. Azken 60 urteotan egin ditudan milaka testetan, oraindik ikusi gabe nago artritiko bakar bat Erleen Pozoiak inolako nahigaberik eragin dionik alergiaren testa egin diodanean. Hala ere, beti egon behar da prestaturik erreakzio baterako. Nik beti eskueran eduki ohi ditut, batetik antihistaminiko bat, Benadryl esaterako (Itzultzailearen oharra: gure artean ezagunak dira Adrejet eta Epipen markak), erdi mailako sentiberatasun kasu bat gertatzen bada ere; eta bestetik kit orratzdun bat, adrenalina injektatzeko xeringa daukana, erreakzio bortitzago bat gertatzen denerako. Funtsezkoa da biak edukitzea, antihistaminikoa eta kit orratzduna, erleen eztenkadak ipintzen aritzean, beti eduki behar baita kontutan sentiberatasun handia duen pertsona bati Erleen Pozoiak kalte handiak eta heriotza bera ere eragin diezazkiokeela. Oso sentibera den bati odolaren presioa apaldu diezaioke bapatean eta konortea galduarazi. Adrenalina beharrezkoa da horrelako batean. Artritiko batek erreakzio alergiko gogorra nozitu dezake, hala ere, ezten gehiegi hartzen baditu immunizatzen hasi baino lehen. Horregatik da inportantea astiro hastea Erleen Pozoizko Terapia programa. Probako eztenak erakutsi badu hipersentiberatasunik ez dela, nik hasten naiz batetik bostera ezten ipintzen aukeratutako puntu minberetan. Artritikoak norbait beharko du eztenak ipini diezazkion, gutxienez hasieran. Puntu batzuk, sorbaldetakoak edo gerrialdekoak, zailak dira harrapatzen, eta gainera norbera errezago ausartzen da beste norbait denean erleak manejatzen dituena. Kasu akutuetan, oinazea gune bakan batzuetara mugatuta dagoenetan, jende gehienak hobetzea nabaritzen du hiru-sei eztenekin, astean bi edo hiru aldiz puntu minberetan hartuta. Pertsona batek hartu ditzake gehiago, baina ezten gehiagok ez dakarte artritisa azkarrago sendatzea. Hasierako bi-bost saioen ondoren Erleen Pozoiak ez du hantura handirik eragin behar. Eztena ipinitako lekua hantzen baldin bada, ona da jakitea ondorengo tratamendu batek gehienetan are erreakzio handiagoa eragingo duela. Erreakzioak gogortzen joango dira tratamendu bakoitzean eta ekarriko dituzte azkurak, gorriuneak eta hantura gehiago, eta egun batzuetan iraungo dute. Ezetenkadak suertatu daitezke erosoak eta baita kezkagarriak ere, batik bat artritikoa okerrago sentitzen hasten bada. Honen oinarrian ez dago eztenarekiko hipersentiberatasuna, lekuko erreakzioa baizik. Nire esperientzian ohartu naiz jendeak emaitzik onenak lortzen dituela denbora neketsu honetan ere eztenkadak hartzen segitzen badu; hau da prozesu barruko aldi kritikoa. Iruditzen zait Erleen Pozoiak eragindako handituak odola erakartzen duela gune horietara, eta honek berekin garraiatzen dituela bere osagai babesle eta sendatzaileak, hauen artean kortisola, interferona, T zelulak eta B zelulak. Nik ez ditut eztenkatzen aurrez Erleen Pozoiagatik handituta dauden puntuak. Beste puntuetara jotzen dut, bitik seira ezten ipiniz, errotazioa eginez, segun eta zenbateraino dagoen zabalduta artritisa. Hiru edo lau asteren bueltan, handituak eta azkurak txikiagoak izango dira, edozein izanik ere ipinitako ezten kopurua. Behin hona heldutakoan, artritikoak Erleen Pozoiarekiko immunitatea eskuratu duela pentsa daiteke, eta ez hanturarik eta ez azkurarik nozituko du gehiago. Hala ere, artritikoak immunitatea garatu duen arren, Erleen Pozoiak bere eragin terapeutikoak ekartzen jarraituko du. Den dela, eztenkadak beti dira sumin; inork ez da immunizatzen oinazetik. Baina jende askok dio artritisaren oinazearekin alderatuz gero erleak eragiten duena "min ona" dela. Eta mina, harrigarria den arren, garrantzizkoa da prozesu terapeutikoan. Sinistuta nago gorputzak oinazea samurtzeko dauzkan endorfinak estimulatzen dituela, eta ordainetan laguntzen diola gorputzari artritisaren ezinegona goxatzen. Erleen Pozoizko Terapiak berresten du Homeopatiaren arau bat, zeinak dioen gaixotasun baten sintomak eragiten dituen substantzia bera dela gaixotasunarentzako sendagai. Eritasun erreumazkoek hanturak, mina eta inflamazioa dakartzate. Erlearen eztenkadak sintoma berdinak eragiten ditu. Eztenak sistema immunea estimulatzen du Erleen Pozoiak eragindako inflamazioa sendatzeko, eta bide batez sendatzen ari da gaitz erreumatikoaren sintomak ere. Esperientzia pittin batekin pertsonak azkar ikasten du non ipinitako eztenkadak diren eranginkorrenak eta zenbat ziztada diren beharrezko. Gehienetan, hilabete edo bitan, erreuma akutuak eztitu ohi dira hilabetetarako edo baita urtetarako ere. Gerta liteke berriro ez itzultzea artatu diren puntu horietara, baina bai beranduago itzultzea beste giltzadura batzuetara. Batzuetan artritis oinaze bat arindu daiteke Erlearen Pozoizko Terapiarekin saio bakarra eginda, hala gertatzen da Gotarekin sarritan. Baina hobetze horrek luzaroan iraun dezan, eztenkada serie batzuk hartzea beharrezkoa da. Artritis kronikoen tratamenduak -izan Osteoartritisa (Artrosia), izan Poliartritis edo Artritis Erreumatoidea, edo izan Espondilitis Ankilosatzailea- luzeago jotzen du. Sarritan giltzadura asko daude kaltetuta, gehienetan soinaren bi aldeetan: bi sorbaldak, bi aldakak, bi ukalondoak edo bi belaunak. Gainera gaitzok joera daukate urte luzeetan barrena gorputzeko giltzadura guztietan garatzeko. Tratamendua eritasun kroniko horietako hasieran eginez gero, emaitza bikainak lor daitezke. Kaltetutako guneak eztenkatzeko metodo hori bera erabiltzen dut bizkarrezurraren inguruko kokalekuetan ere. Eztenak ipintzen ditut kaltetutako inguruetan aldika, gune bat aldi bakoitzeko, hori nahiago saio batean gune guztiak ukitzea baino. Artritisa nozitzen duten puntu guztiak eztenkatu behar dira, baina giltzadura asko egon daitezkeenez kalteturik, hori lortzeko hiru edo bost saio behar izaten dira maiz. Nik ikasi dudanetik, astean hiru alditan bakoitzean 10-20 ezten ipiniz gero, gehienetan arintzen ditu kasu kronikoak. Hasi eta laster ikusten bada hobekuntza, erleen eztenak utzi daitzeke aldi baterako eta behar izanez gero beranduago ostera hasi. Komeni da oroitzea Erleen Pozoizko Terapia utzi ondoren hobekuntzak jarraitu egiten duela sarritan. Hala ez bada, berriro hasi behar da terapia, hobetze egonkorra erdietsi arte. Eztenak hartzen bi edo hiru hilabetez goiti aritzea behar izatekotan, nire iritzian mesedegarria da tartean aste batzuetako atsedenaldia hartzea, ondoren berriro ekiteko. Tratamendua eten eta berriro hastekotan, garrantzia du eztenkada bakarrarekin ekitea, gero pixkanaka ugarituko da eztenkaden kopurua. Erreumatismoek ez dute arau orokorrik segitzen. Gaixotasun latz eta menderakaitza da, eta tratamendua luzeaz gain zaila ere gerta daiteke. Artritis batzuek denbora asko behar dute Erleen Pozoiari erantzuteko, eta gerta liteke tratamenduak urte bete edo gehiago behar izatea. Behin hobekuntza lortutakoan, agian urte askotan bizi zaitezke sintomarik gabe. Erleen Pozoizko Terapia hasterakoan botikak hartzen badituzu, erleen eztenkadek oinazeak arindu ahala sortuko zaizu botikak urritzen hasteko gogoa. Beti ere medikuari gomendioa eskatu, berak agindutako botiken programa aldatu aurretik. Urte askotan artatu ditut niregana etorri aurretik artritisarentzako botikak hartzen dituzten gaixoak, eta gaur uste dut Erleen Pozoia eta botikak ez direla batera erabili behar, salbu eta hasieran. Erleen Pozoiak immunitate sistemaren jarduera estimulatzen du gorputzak bere burua senda dezan. Botiken bidezko terapiak, bestalde, gehienetan inflamazioa gutxitzen du mina arintzeko. Baina honek berekin dakar immunitate sistemaren berezko funtzionamendua aldi baterako etetea. Antiinflamatorioek ez dute sendatzen eta sendatzea bera mugatu dezakete, nahiz eta oinazea gutxiagotu. Botika gehienek, ez dute immunitatezko gaixotasun baten aurrerakada prebenitzen, aitzitik, hau azkartu dezakete nire ustez. Kortisonaren familiako drogaren bat hartzen ari baldin bazara, garrantzizkoa da horren dosiak pixkanaka txikiagotzen joatea, beti ere zure medikuaren gainbegiradapean. Kortisonek guruin suprarrenalen atrofia eragiten dute, guruinok direnean gorputzaren beraren kortisona ekoitzi behar dutenak. Kortisonaren kentzea mantso egin behar da, bitarte horretan Erleen Pozoiak guruinak estimulatzen dituelarik kortisol endogenoa berriro ekoitzi dezaten. Artritisdun askok baztertuko dute Erleen Pozoizko Terapia esanez beren artritis motaren kontra horrek ezingo lukeela ezer. Hau oker handia da; zerbait badezakeen jakiteko modu bakarra ahalegina egitea da. Ohartzen naiz Erleen Pozoizko Terapiak adorea eta erabakia eskatzen dituela ohikoa ez den zerbait saiatzen hasteko. Gehiago oraindik, Erleen Pozoizko Terapia ez da tratamendu erreza. Sendatzeko bideak denbora eska dezake eta eztenkadak mingarriak dira. Baina hala esan zidan andere batek behin: "Tratamendua ikaragarria da, baina emaitzak zoragarriak". (2008ko otsailean argitaratua). |
|