lehen orrira itzuli
Ir a la página en castellano

Larrialdietan sagar festa

Monodietak zein onuragarri diren oso zabaldua dago osasun munduan. Batzuek dietetika arazoetarako erabiltzen dute (argaltzeko alegia) baina naturopata eta bestelako mediku eta sendagile askok egiten dute tarteka fruitu bakarrez elikatuz zenbait egun pasatzeko proposamena. Nik entzun ditudanetatik, gerezi, piña, marrubi eta sagar hutsezko dieta egunak dira hemen ezagunenak.

Kickas.org forumean famarik handiena hartu duena “Three Apple Diet” izenekoa da: “Hiru egun sagar hutsez”. “Apple Fast” edo “Sagar Baraua” ere deitzen diote. Eskatzen duen sakrifizioari animoz ekiteko ez dago gaizki “Sagar Festa” deitzea. Nik ere hori erabiltzen dut tarteka, eta batik bat krisi batean emaitza oso onak eman dizkit. Zergatik egin dudan proba sagarrarekin eta ez besteekin? Kickas.org-en biltzen garen artritikoen artean hainbat gauza probatu dituztenek esaten dutelako emaitzik onena sagarrak eskaintzen duela.

Egiten oso erreza da: hiru egunetan ez da sagarra besterik jan behar (positiboan esanda: jan ezazu nahi adina sagar), eta edateko ura edo sagar zukua (muztioa). “Pekaturen” bat egitekotan, kafea, esteetako zirkulazioa azkartzen duelako. Eta hirugarren egunean, bazkal ondotik hasita bi ordutik behin goilarakada bat oliba olio gordinik. Eta hori da dena.

Beste askok esan dutenez eta niri ere gertatu zaidanez, lehen edo bigarren egunean halako buruko lanbro edo mintxurri bat sentitzen da, eta hori gorputza desintoxikatzen ari den seinale omen da. Komeni da astolanik ez egitea (monodieta hau azkenean sasi-barau bat da eta) eta gorputza bero mantentzea. Handituta dauden artikulazioetan bigarren egunetik nabaritzen da jaisten hasten direla.

Holako garbiketa hein batean sagarrak dituen pektinek eragiten dutela eta badira esplikazio zientifikoak. Bada Estatu Batuegan gainera monodieta hau oso popular bihurtu zuen gizon bat: gaisoen aurrean trantzean sartu eta erremedioak “diktatzen” zituen Edgard Cayce-ren Sagar Baraua oso famatua da han, eta mundu sajoian, eta bere beste sendabide asko ere gaur ezagunak egingo zaizkio edozein naturopatari.

Xehetasunetan sartuta, Caycek esaten zuen sagar gorriak izan behar zutela hiru egun horietan jan beharrekoak (berak AEBn ezagunak diren sagar motak aipatzen zituen), inolaz ere ez berde garratz horietarik, seguruenik gozoenak aukeratzekotan edo. Olioak berriz oliba olio purua izan behar du, “extra virgen” hotzean aterea.

Egin ditudan sagar barauen artean, bitan egin dut odola aurretik eta ondoren analizatuz. Bietan ohartu naiz Odolaren Sedimentazio Abiadura (Velocidad de Sedimentación Globular-VSG) zerbait jaitsi dela hiru egun horien ondoren, baina asko jaitsi dena Proteina C Erreaktiboa (PCR) izan da. Jakina da bi zifra horiek ondo islatzen dutela gure inflamazioaren egoera. Sagar barauak egindako onura ez zen beraz inolaz ere irudipen soila.

Zenbait naturopatak gaisotasun batzuei eta baita edonorentzako neurri higieniko bezala ere astean egun batez barau egitea proposatzen dute. Nik sarritan egiten dut egun bateko “sagar festa” (“apple fast”?) batik bat txarraldi bat somatu dudanean, eta hiru egunekoa bezain efektiboa ez izan arren, biharamonean nabaritzen dira bere mesedeak: goizean arinago jaikitzen zara, giltzadurak gozatu egin dira eta horietakoren bat bero baldin bazegoen (hanturagatik) barauaren ondorioz hoztu egin da.

GORA ITZULI