lehen orrira itzuli
Ir a la página en castellano

Antibiotikoak artritisa borrokatzeko

ANTIBIOTIKOAK Espondilitisaren eta beste artritisen kontra erabiltzea, gaitz hauen jatorria hesteetako infekzioan kokatzeari lotuta dago. Logika horren barruan, batzuek artritisa borrokatzeko dieta proposatzen dute, beste batzuek antibiotikoak erabiltzea, eta badira biak konbinatzen dituztenak ere. Bestalde, Espondilitisak duen osagarri inmunitarioan inmunoterapiarekin lan egiten duten mediku batzuek ere zenbait kasutan, tratamendu horri antibiotikoen erabilpena gehitzen diote.

Aspalditik usatzen dira antibiotikoak alor honetan. Adibidez, Salazopirina edo Metotrexatoa agintzen dituzten medikuak oharkabean ahalmen antibiotikoa duten botikak ari dira eskaintzen. Bestalde, espondiloartropatien taldean sartzen da Reiter Sindromea, Artritis Erreaktiboa izenez ere ezagutzen dena; medikuek hau bai jotzen dute seguru infekzio bati lotua, sexu bidez transmititua askotan (Klamidia...) baina beste batzuetan hesteetako infekzio batek (Salmonela, Kanpilobakterioa...) eragina. Gaitz honekin gertatzen da espondiloartropatia taldekoekin pasatzen den gauza bera: bata den ala bestea den oso garbi mugatzea erreza ez dela, bateko sintomak bestean azaltzen direla... Eta azkenean, posible da mediku batek hasieran Espondilitis izenez diagnostikatua hilabete gutxira Artritis Psoriasiko bataiatzea, adibidez. Hori gutxi balitz, sendagile batzuk seguru daude Esponditisa dela behin eta berriro errepikatu den Artritis Erreaktibo kronifikatu bat. Hitz bitan laburtzeko, guretzako inportanteena dena: espondiloartropatien (gure gaitza tartean dela) saileko eritasun bat antibiotikoz ere tratatzen dela aspalditik.

Zehazki Espondilitisari dagokionez, hiru informazio iturri nagusi aurkitu ditut antibiotikoen erabilera ulertu eta praktikan jartzeko, eta hiruren planteamenduak eskaintzen ditut hemen.

1.- John Merchanten protokoloa. Kickas.org-en "DragonSlayer" ezizenez hartzen du parte Espondilitisari buruz asko dakien gaixo honek, eta "Surviving the Autoimmunity Challenge" liburua ere plazaratua du. Honek (Londresko Alan Ebringerren teorian oinarrituta) Espondilitisaren kontrako borroka Klebsiella Pneumoniae bakterioari aurre egin eta horretarako Almidoirik Gabeko Dieta erabiltzean zentratzen du, baina bere ustez gaitza luzaz jasaten dugunok (eta bizkarrezurrean hasi ondoren denborarekin beste soin ataletara zabaldu zaigunok) dieta hutsez ezin dugu gure egoera erabat hobetu: hesteak hondatuegi daudenez bakterio kopuru txiki batek kalte egiten digu, bakterioen eragina iadanik hesteetatik urrutirago ere iritsia da, eta abar.

Hainbat antibiotikorekin esperimentuak (bere buruan beti) egin ondoren, ongien funtzionatu diotenak konbinatuz zikloak osatu ditu. Hona bere ziklo bat nola antolatzen duen: Ziprofloxazinoa 11 egunez, tetraziklina metronidazolekin elkartuta 6 astez, eta ondoren hiru eguneko sagar monodieta, drogarik gabeko bi aste, bost eguneko baraua... eta hurrengo zikloari ekin. John Merchantek bere protokoloa posta elektronikoz igortzen dio berarekin harremanetan jarritako edonori, gratis et amore, bere laguntza guztia eskaintzen duen bezala.

2.- The Roadback Foundation-en protokoloa

Fundazio honek honela definitzen du bere helburua: "The Road Back Foundation"ek (RBF) nahi du indartu artritisa eta ehun konektiboetako zenbait gaitz antibiotikoak dosi txikitan hartuz tratatzeari buruzko heziketa; terapia honi buruzko ikerketa eta aurrerapenen berriak eman eta trukatzeko gunea eskaintzen du; ikerketa horiek babesten ditu".

Thomas McPherson Brown medikuak zabaldutako bideari jarraitzen dio RBFk. McPherson izan zen Mikoplasma identifikatu zuten lehen medikuetako bat, eta aurkikuntza horren logikari segituz tratatzen zituen artritisdunak antibiotikoekin. Beste mediku pionero askori gertatu zaion bezala, iruzurti fama gaineratu eta ikerketarako gero eta laguntza gutxiago edukitzera kondenatu zuten doktore amerikar hau. Hala ere, mediku lana eta unibertsitateko irakaskuntza uztartu zituen oso zahartuta gero ere, 1991n hil zen arte.

Mcphersonek irekitako bidetik, AEBn badira medikuak antibiotikoekin artritisa borrokatzen dutenak. RBFek bere web gunean eskaintzen du oso xeheki mediku horiei erabiltzeko proposatzen dien protokoloa. Hemen eskaintzen duguna protokoloaren laburpena da eta jatorriz ingelesez dagoen agiria zehatzagoa da: bide honi ekin nahi dionak ingelesezko orijinala irakurri behar du, hemen asmo onez itzuli duguna zuzena dela segurtatzeko eta gaixo bakoitzak dituen xehetasunen aurrean RBFen protokoloak erantzun zehatzagoak eskaintzen dituelako.

Argitu behar da ere RBFen protokolo hau ez dela zehazki espondilitisari zuzendua artritisei orokorrean baizik, eta bere testuetan sarritan artritis erreumatoidea azaltzen da. Hala ere, guretzako ere interesekoa dirudi. 1. puntuan aipatu dugun John Merchant-ek berak antibiotikoen erabileran maisuak izatea aitortzen dio RBFi, eta 3. puntuan aipatuko dugun Gary Kinghorn-ek ere erreferentzia nagusitzat dauka.

Gaitzaren Mekanismoa. RBFen biltzen diren medikuen ikuspegian, artritisa zelulen hipersentsibilitate bati lotuta dago: hipersentsibilitate hori agertzen da pertsona bat luzaz mikrobio ezkutuko edo ikustezinek sortutako antigenoen arriskupean (adibidez, mikoplasma edo Lformako bakterioenean) egon denean. Mikoplasmak gizakien gain ez du bere eragin potogenoa beste animalietan egiten duen moduan ezartzen (inbaditu eta ehunak azkar deseginez alegia) baizik eta beste mekanika baten bidez: zelulen bidezko erantzun bat erakartzen du, zeluletan luzaz parasito moduan egotearen ondorioz, "ostalaria" pixkanaka sentsibilizatuz behin eta berriro antigenoak jasatearen poderioz.

Logika horri segituz, helburu terapeutikoa mikoplasma desegiteak izan behar du, hori delako antigenoen iturria. Agente horiek badirudi gure "juntetan" oso gazteak garenean kokatzen direla, gure inmunitatea ahula denean, eta parasito moduan urte luzez egoten direla. Urteekin, antigorputz horiek ugaritu egiten dira infektatu dituzten zelulen kanpoaldeko ehunetan ere. Kontzentrazioa maila batera iristen denean, zelula barruko eta zelulaz kanpoko mikoplasmen arteko erreazioa gertatzeko puntuan dago. Noiz lehertuko da erreakzioa? Zauri, estres, barometro aldaketa edo inguruko beste faktoreren batek bi indar horiek talkan ipintzen dituenean.

Hipersentsibilizazioaren logikari jarraituz, RBFk proposatzen duen antibiotiko protokoloa normalean infekzioetarako erabiltzen denaren alderantzizkoa da: dosiak txikiak dira, dosiak tartekatuta doaz eta epe luzeko tratamendua egiten da.

Oso egoera erreaktiboetan, antibiotiko kopuru oso ttiki bat behar da gaitza azkar kontrolatzeko. Eta gehiegi hartuz gero, gorputza medizinaren kontra erreakzionatzen hasten da eta tratamendua hankaz gora botatzen du. Hori da tratamendua tartekatua izatearen arrazoia. Eta horregatik zaindu behar da zorrotz gaixo bakoitzak ondo toleratu dezakeen dosi terapeutikoa. Zenbait kasutan, aski izan daiteke minoziklina 50 gramo astean behin edo birritan hartzea.

Tratamendu honetan pista inportante bat da botika kopuru handiegia ez hatzea, "okerragotze paradoxikoa" gertatu ez dadin. Gehiegi hartuz gero, drogaren kontrako erreazioak artritisaren okerragotzea eragin dezake "Herxheimer Erreakzioa" deitzen dena alegia. Hori gertatuz gero, tratamendua eten behar da aste betez, eta berriro hasi dosi apaletik.

Inportantea da ohartzea holako gaitz batek sortzen dituen sustantzia toxikoak (inflamazio guneetan daudenak) toxina bihurtuta odolaren bidez gorputzaren beste ataletara pasatzen direla. Hauetan beste hainbat sintoma eragiten dute, artritisa urte luzez jasan dutenek ongi dakiten moduan (nahiz eta medikuek askotan sintoma horiek ez dituzten zuzenean lotzen gure gaitzarekin):
- hezurmuinetan toxina hauek pilatzean sarri anemia eragiten dute.
- nerbio sisteman pilatuta, toxina horiek depresioa eragiten dute, kontzentratu ezina, memoria galtzea, maite den ofizioarekiko interesik eza, haserreak...
- giharreetan ahulezia eragiten dute.
- hesteetan eragina dute eta gorputzaren beste edozein ataletan ere bai.

Tratamenduaren hasiera. Gaitza luzez nozitzen duten pertsonekin pentsatuz, RBFek proposatzen du inflamazioak antiinflamatorioekin jaitsi eta aldi berean antibiotikoekin bi frontetan egitea eraso: hipersentsibilizazioa gutxitu eta mikrobioen eragina mugatu. Behin eta berriro errepikatzen dute tratamenduak oso luze joko duela, eta posible dela antibiotikoak modu intermitente batean urtetan hartzen jarraitu behar izatea.

Hasteko, antibiotikoekin hasi baino lehen metotrexatoa bezalako droga antireumatiko gogorrak gutxienez hilabetean utzi behar dira. Ordainetan, tarte horretan prednisona hartu daiteke dosi bajuetan (10 mg baino gutxiago). Gainerakoan, antibiotikoekin batera antiinflamatorioak eta horiek ezinean prednisona pittin bat (eguneko 5 mg baino gutxiago) baimentzen dira.

Gaixoari abisatzen zaio tratamendua oso mantsoa dela eta benetako hobekuntza bat ikusi baino lehen sei hilabete pasa daitezkeela, eta artritis egoskorra edo urte askotakoa daukan batek 2-5 urte behar izan ditzakeela hobekuntza handia ikusteko.

Esperientziagatik, RBFek tetraziklinak ikusten ditu artritisetako mikoplasmaren kontrako antibiotiko interesgarrien. Minoziklina da bere hautuzko tetraziklina. Baina kasu zailetan edo urte askotako gaixoekin, RBFek proposatzen du Klindamizinarekin egitea hiru aste, arnasbideetan, hesteetan edo atal genito-urinarioan egon daitezkeen mikrobioak akabatzeko. Horren ondoren tetraziklinak bere lana hobeto egingo duelako. Posible da gainera hurrengo fasean ere (tetraziklinarenean) tarteka klindamizina erabili behar izatea. Eta alderantziz, gaitza arinagoa edo berriagoa dutenak Tetraziklinaren fasean sar daitezke zuzenean, klindamizinatik pasa gabe.

Klindamizina zainetik, giharreko injekzioan edo ahotik har daiteke. Dosiak 300 mg eta 1.200 mg artekoak dira, eta fase honetako zehaztasun guztiak eskaintzen dira RBFen gunean "Beginning the Therapy" atalean.

Hurrengo fasean Tetraziklina erabiliko da, ahotik. Minoziklina eta Doxiziklina dira gehien erabiltzen direnak, beti ere dosi oso apaletatik hasita, gaixoak erreakzio alergikorik izan ez dezan. Abiatzeko dosiari dagokionez, kasuistika oso anitza da: astean hiru egunetan eguneko 50 mg, beste batzuetan 100 mg, egunero 50 mg, astean bi egunetan 250 mg... Tolerantzia mailak gainera ezberdinak dira gaitza zaharra eta egoskortua ala hasi berria eta arina izan. Zeren aurreko puntuetako logikari jarraituz, gaitza arinagoa duenak tolerantzia handiagoa erakutsiko du tetraziklinaren aurrean gaitza aspalditik dakarrenak baino). Protokolo honekin ari den medikuak baloratzen du nondik hasi (edo gaisoak berak, automedikatzeko apustua egin baldin badu), erreazio txarrik azaldu ez dadin.

Dosia handitzeko, bi irizpideri erreparatu behar zaie. Batetik, tratamenduaren hasierako hilabeteetan oso ondo aztertu behar da gaixoaren egoera, eta terapia honekin zerikusia duen erreazio txar bat ikusten bada (Herxheimer erasoa deitzen zaio honi eta geroago esplikatuko da) ez da tetraziklinaren dosia handitu behar. Bestetik, odol analisiak dira pista: hilabetean behin egin behar dira, eta horiek erakusten badute egoera hobetzen ari dela, antibiotiko dosia ez da aldatu behar.

Dosiak handitzen dira (eta txikiagotu ere bide beretik) kopuru bera aldi gehiagotan hartuz edo hartualdi bakoitzeko droga kopurua handituz. Azkenean, iritsi beharreko estandar optimoa hau da RBFeko medikuentzako: 100 mg minoziklina edo doxiziklina behin edo birritan Astelehen, Asteazken eta Ostiraletan, edo eta 250 mg tetraziklina birritan Astelehen, Asteazken eta Ostiraletan.

Juntetako injekzioak ere (belaunak, orkatilak...) erabiltzen dituzte RBFekoek. Klindamizina erabiltzen dute horretarako, giltzaduretakoren batean ahozko dosiak nahiko eragin lortu ez duenean. Giltzadura handietarako 2cc klindamizina (300 mg) gehi 1cc dexamethasone (4mg) aholkatzen dituzte. Eta horren erdia edo herena giltzadura ttikietarako.

Herxheimer erreazioa gaitzaren okerragotze edo erasoaldia da, eta antibiotikoa hartzen hasi eta denbora batera gerta daiteke, gaitza luzaroan dakartenen artean gehienbat. Batzuetan botika hartzen hasi eta ordu batzuetara gertatzen da, eta beste batzuetan bi aste beranduago, eta gehienbat hematokritoa eta albumina apalegi eta globulina altuegi dituztenei gertatzen zaie. Baina Herxheimer txarraldia da antibiotikoa bere helburua lortzen ari den seinale, eta seinale ona da.

Artritisa samurtzen hasen bada -bai beste edozein arrazoirengatik edo bai antibiotikoa tentuz erabiltzearen ondorioz- gorputzak antibiotiko dosi handiagoak onartuko ditu Hexheimer txarraldirik gabe. Baina dosiak gehiegi edo azkarregi handitzen badira, berriro gerta daitezke txarraldiak. Tratamendu honen arrakastaren gakoetako bat txarraldiak ondo interpretatzean datza, ea antibiotikoak azkarregi gehitzeak eragin duen ala beste zerbaitek eragina den ala drogari zaion alergiaren erreazioa ote den. RBFek honako pistak ematen ditu ondo erabakitzeko: 1) Globulu zurien kopurua handiagoa dela Herxheimer erreakzioan eta apalagoa bestelako txarrarldi batean; 2) Herxheimer erreakzioan hiru igoera gertatzen direla batera, Globuluen Sedimentazio Abiadurarena, Gamma globulinarena eta globulinen totalarena, eta aldiz albumina eta hematokritoa erori egiten direla; 3) Eosinofiloen igoera nabarmen batek (%30ekoak) drogaren erreakzio alergiko bat esan nahi duela.

Hobekuntza zantzuak. Ontsalaz hobekuntza ttikiak gertatzen dira terapia honen lehen hiru hilabeteetan. Ondorengo 3-9 hilabeteetan pixkanaka gertatzen da hobekuntza, gertatzen denean. Hobetzearen lehen zantzua goizeko gogortasunaren iraupena laburragotzea izaten da, nahiz eta gogortasun maila beti bezain gogorra izan. Ordu bete edo bi orduko onaldiak sentitzen ditu gaixoak, eta hauek piskanaka egun on gehiago eta egun txar gutxiago bihurtzen dira. Mikoplasmaren kontrako terapiak segitzen badu, toxinen urritzeak dakar funtzioak bere onera etortzea. Indarra handitzen da, odolaren analitika hobetzen, kontzentratu eta lan egiteko ahalmena handitzen, egoskorraldiak gutxitzen. Tratamendu hau ezarri zaien 100 gaisotik 70ak hobetze nabarmena egin dute bost urtetako epean.

Tratamendua jarraitu hobetzen den artean. Paziente askok mugarik gabe segitu behar dute tratamendua, gutxienez hiru hilabetez segidan laborategiko emaitzek balio normalak erakutsi artio. Orduan, antibiotikoak gutxitzen hasita, lehenik zainetik sartzen den antibiotikoa gutxituko da, eta gaisoak okerragora egiten ez duela ikusiz gero ahoko tetraziklina gutxitzen hasten da. Batzuek ez dute gehiago antibiotikorik behar, eta beste batzuek aldiz tarteka antibiotikoa hartzen segiko dute bizi osoan zehar, nahiz eta kopuru txikiagoetan. Azkarregi dosiak gutxitzeak ere eragin ditzake txarraldiak, gogorrak gainera.

Zenbait gaixori hipersentsibilitatea hain joan zaio urruti ezen eta molekula mimetismo batera iritsi zaion, eta orduan borrokatu beharrekoa autoinmunitatea du. Hauetan ere antibiotikoak eraginkorrak dira, baina baliteke beharrezkoa izatea beste droga batzuekin tartekatu behar izatea, azitromizinarekin adibidez. Terapia hau sortu zuen McPherson doktorea zera ohartu zen: antibiotiko bat 4-5 urtez antzeko beste droga batzuekin tartekatuz gero, ondoren berriro antibiotiko hartara jo eta bere indarra mantentzen zuela.

Alboko eraginak.Tetraziklina eta eritromizinaren eratorriak oso eraginkorrak dira mikoplasmaren kontra eta beste botika askoren aldean konplikaziorik gabeak dira. Gainera, mikoplasmak -bakterioen alderantziz- ez dauka zelula inguruko azal gogorrik, azal mehe bat baino. Guzti horregatik, RBFek dio ez dela aurkitu antibiotikoaren kontrako erresistentzia garatu duen mikoplasmarik urte guzti hauetan, eta edozein drogarekin gerta daitezkeen alergia kasuak ere errez konpontzeko modukoak izan direla.

Kandida. Berez hesteetan arazoak dituen pertsona batek onddo honekin prolemak jasan baditzake, antibiotikoen erabilpenak areagotu egin ditzake. RBFen iritzian hau ez da ohikoena, eta gertatuz gero bere tratamendu egokia eskatzen du. Bazpare, antibiotiko terapiarekin batera Azidofiloak hartzea gomendatzen du, prebentzio gisa.

3.- Beste esperientziak. Interneten badira antibiotikoen terapiaz beren Espondilitisa sendatu dutela dioten erien istorioak. Niretzako interes handikoa izan zen 2001ean irakurri nuen bat: Gary Kinghorn-ena. Informatika munduan enpresaburu den gizon honi 1994an diagnostikatu zioten Espondilitisa, eta batean eta bestean bilatu ondoren antibiotiko bidez lan egitea erabaki zuen. Bere web gune pertsonalean kontatzen du egin zuen bidea, eta ateratako konklusioak. Beretzako, tetraziklinak baino hobeak dira kinolonak eta Ziprofloxazinoak (Cipro) eman zion jokorik onena. Gaur egun beste kinolona batekin egingo lukeela lan dio, Levafloxazinoarekin (Levaquin). Road Back Foundationen aipamen laudioriotsua egiten du, baina berak hautatu dituen drogak gehiago dira lehen puntuan aipatu dugun John Merchantek erabiltzen dituenak.

 

GORA ITZULI