lehen orrira itzuli
Ir a la página en castellano

Ikasi, ezagutu eta borrokatu, elkarrekin

Espondilitis Ankilopoietikoa duen herritar bat antolatzen ari den informazio gune bat da Izorrrategi.org. Fidagarritasunik handieneko informazioetan oinarritutako edukiak eskaini nahi ditu gune honek, baina bere egileak argi adierazten du ez dela ez mediku, ez zientzigizon eta ez osasungintzako ezein jardueratako profesional, urteotako bilaketan aurkitu duen informazioa beste pertsonekin partikatu nahi duen gizon bat baizik.

Artritis moeta zehatz bat da EA, baina lotura asko ditu bai beste artritisekin eta baita EA dugunok harrapatzen gaituzten bestelako gaitzekin ere (ubeitisa, esteetako gaitzak, psoriasia, eta abar). Horietakoren batekin borrokan ari den pertsonak hemen aurkituko du agian beretzako ere informazio interesgarririk.

EA bezalako artritis batek eguneroko bizimodua baldintzatzen dio bizi osorako gaitz hori duenari. Eta hain arazo inportantearen aurrean egin behar duen guztia gaisoari ezin diote antolatu ez medikuek eta ez osasun sistemak. Gaitz kroniko honekin ondo bizi, honen kontra borrokatu eta agian gaitza gainditzeko baldintza nagusi bat dago: gaisoak berak antolatu eta gidatu behar du estrategia osoa. Guk geuk, alegia. Hau gerra bada, geu gara jeneralak. Artritisa menderatzea etxe bat eraikitzea baldin bada, geu gara obren zuzendariak, eta gainerakoak (medikuak, fisioterapeutak, kirol aholkulariak, gaiso elkarteak, farmazeutikoa...) gure ofizialeak. Guk bakarrik soportatu behar baititugu gure hezur eta artikulazioak egunaren 24 orduetan, urtearen 365 egunetan.

Gune honek ez du inolako helburu eta inplikazio komertzialik, are gutxiago dirua irabaztekorik. Pertsona mailako promoziorik ez du bilatzen gune honen egileak, baina edozein argibidetarako izen-helbideak eskaintzeko arazorik ez du; areago, duen informazioa edozein herritarrekin partikatu eta beste edozein herritarrena hartu eta interesgarria izanez gero argitaratzea da bere nahia.

IZORRATEGI honek KICKAS.ORG gunean ari diren pertsonei luzatu nahi dizkie eskerrik bihoztiarrenak. Eta EA edo antzeko artritisa duten pertsonak KICKAS ("Kick AS: Eman ostikada bat EAri") ezagutu eta bertan murgiltzera konbidatzen ditu IZORRATEGIk. Ingelesezko gune hori den leihotik sudurra ateratzen baduzu (Interneten hainbat itzultzaile erabil dezakezu, ingelesarekin trakets baldin bazabiltza) adiskidetasuna, ezagutza, informazio oso aberatsa, itxaropena... eta umorea aurkituko dituzu.

IZORRATEGI gune hau Ametzagaiña enpresa taldearen laguntzak egin du posible, bai diseinu eta produkzioari dagokionean eta bai gunea Interneten mantentzeko dohainik eskaini duen zerbitzuari esker.

GORA ITZULI