|
|
||||||
Nire dietaren gorabeherak Espondilitis Ankilosante bat daukadala 1987tik dakit. "Ez zaitu gaitz honek hilgo, baina gorriak ikusteko zaude" esan zidan diagnostikoa oso garaiz egin zidan traumatologo gazte hark. Geroztik hain luze kontsumitu dudan Indometazina errezetatu zidan eta ariketa fisikoak egiteko lehen liburuxka ere berak eman zidan. Bere lana ondo egin zuen Iza doktoreak. Batzuetan hobeto eta besteetan okerrago, ahal bezain gutxi medikatuz, etxean ariketak eginez eta piszinan igeriketa sarri praktikatuz lortu nuen luzaz gaitzari aurre egitea. Baina Espondilitisak bere aurrerapena egiten zuen -beti bezala- eta 1995rako lepoa zorrotz afektatua nuen. Laster eskuineko belauna ere ukitu zidan, baina inork ez zidan esplikatuko honek ere E.A.rekin zerikusia zuenik. Denek bezala, mila saio egin nituen urte horietan, erremedio bila. Gimnasia eta antigimnasia ikastaroak, magnetoterapia, osteopatia, kriropraxia, akupuntura... Bakoitzarekin izan dudan esperientziaz ez naiz hemen luzatuko. 1997tik Interneten murgiltzen hasia, 2000. urtetik gero eta informazio gehiago biltzen nuen E.A.ri buruz. Espainolezko guneetan ibiltzen nintzen. Informazio hori guztia gune pertsonal batean eskaintzeko moduan erdi-prestatua ere banuen, baina zerbait falta nuen... E.A.ren sorreran bi faktore aipatzen dituzte denek. Bata, gure genetikak berekin duen joera, askok daramagun HLA-B27 marka. Eta bestetik, EA piztuarazten duena. Bakterioak aipatzen zituzten batzuek, beste nonbait aipatzen zen Estatu Batuetan antibiotikoekin saiatzen zenik ere bazela, eta abar. Eta kezka bat beti buruan: egunen batean aurkitzen bada (urdaileko ultzerarentzako Helicobacter Pilori-rekin gertatu zen bezala) bakterio bat zela gure gaitzaren errudun eta urteak alferrik galdu ditugula ohiko tratamenduekin? 2001eko udaberrian nire egoera fisikoa oso ahuldua zen, eta okerragora zihoan. Bost urte lehenago hartzen hasitako kortisona kopuru ttikia ere ez zitzaidan aski. Erreumatologoak esan zidan eskuineko belaunean ezin zidala gehiago kortisonarik infliltratu, osteoporosia ere diagnostikatu zidatelako. Gero jakingo nuen hilabete horietan odolean Globulinaren Sedimentazio Abiadura (erdarazko siglak VSG dira eta ingelesezkoak ESR) maila 80tik gora nuela eta Proteina C Erreaktiboa 70ean. Baina Interneten segitzen nuen bilaka eta Klebsiella Pneumoniae eta EA lotzen zituen dokumenturen bat ikusi nuen, eta honen kontra almidoia uztea aholkatzen zuela medikuren batek... Bilaketak frantsesez eta ingelesez eginez aurkitu nuen amesten nuen argia: Londresko mediku batek irekitako bidetik almidoirik gabeko dieta bat praktikatzen zuen (eta emaitza oso onak lortzen zituela zioen) ni bezalako gaiso talde bat, Kickas.org gunean bildua. Londresko Dietara iritsi nintzen. Londresko klinika batean, Ebringer izeneko mediku batek Espondilitisa Klebsiella izeneko bakterioa batekin lotu zuen aspaldi, eta ni bezala zebiltzanei -ohiko botikez eta batik bat Sulfasalazina edo Salazopirinarekin batera- gomendatzen zien Almidoi Gutxiko dieta, Klebsiella hori akabatu ez baina gutxienez kontrolpean edukitzeko. Klebsiella Kolonean bizi da, almidoiak jartzen du "martxan", eta badirudi guk ditugun antikuerpo batzuen antza handia daukala. Horregatik, Klebsiellak gure inmunitate sistema "berotzen" dunean honek gure gorputzari berari egiten dio eraso, Espondilitis eraso bat sortzen digu, guk hori agoantatzeko antiinflamatorioak hartzen ditugu, hauekin Kolona sumintzen dugu, ondorioz Klebsiellak eragindako antigorputz gehiago pasatzen da odolera... eta katea eteteko modurik ez dagoela dirudi. Gaur Klebsiella eta Espondilitisaren inguruan zenbait medikuk diote sorreran bai baina eguneroko martxan erlaziorik ez dagoela frogatuta. Baina beste mediku askok harreman hori demostratutzat jotzen dute. Londresko dietaren inguruan eta Espondilitisaz orain arte aurkitu dudan informazio lekurik inportanteenari segituz, hala iritsi nintzen Carol Sinclair (1) eta bere liburua ezagutzera. Ordurako ohartua nintzen erreuma eta esteetako gaitzen artean askok uste baino lotura handiagoa dagoela. Espondilitisa dugun askok tripetako gorabeherak ere baiditugu, edo odola botatzen dugu "obramentuekin", psoriasia dute askok... Crohn, Kolitisa, Reiter, Fibromialgia... hezurrez gain beste hainbeste konplikazio dituzte. Ohar bezala, esango dut Carol Sinclair honek bere liburu osoan (1995ekoa da) Kolon Suminkorraren Sindromea -Síndrome de Colon Irritable, Irritable Bowel Disease- daukala erreferentzia nagusitzat, baina geroztik ohartu zen Espondilitisa ere baduela. Carol Sinclairren bizia tristea izan da luzaz. Liburuaren hasieran kontatzen du umetatik beti ibili zela tripetatik gaizki. Kolon Suminkor hau aspaldi diagnostikatu zioten, eta denetatik frogatu izan du sendatu nahian. Emakume jantzia da, publizitate munduan dabilena (jubilatzekotan egon behar du orain) eta Zelanda Berrian sortu zen. Lehenengo senarragandik berezi eta Londresen jarri zen bizitzen, eta berak dioenez, medikuek esaten zizkioten gauzek segitzen zuten beretzako "koadratu gabe". Han eta hemen bilaka, hainbat dieta frogatu zuen, eta piskanaka almidoiaren teoria sortuz joan zen. Lan asko eginda, noski: adibidez, almidoia, guk uste baino janari gehiagok baitaukate. Baina azkenean lortu du almidoirik gabeko halako dieta bat antolatzea, eta berak dioenez, bere bizitza erabat aldatu da. Ni Sinclairren liburua irakurri gabe hasia nintzen 2001ko ekainean almidoiaren eragina frogatzen, bakarrik Interneten Sinclairrek duen materiala irakurrita. Egia esan, ogia utzi eta berehala nabaritu nuen hobekuntza nabarmena (lepoaren mugimenduan batik bat). Baina handik laster hasi nintzen berriro prolemekin. Kickas.org taldearen foroan bilatzen nuen Almidoirik Gabeko Dietari buruzko informazio gehiago, baina arazo askorekin: ingelesez delako batetik, eta dietaren gorabehera guztiak ondo bilduko dituen liburu edo dokumentu bat falta zelako bestetik. Ohartzen nintzen zerbaitetan nenbilela gaizki. Liburua eskuratuta, gauzak zorrotzago egiten hasi nintzen. Hasteko, Sinclairrek aipatzen duen sistema erabiliz almidoia duten janariak detektatzeko: iodina (farmazian saltzen dute) tanta batekin, almidoi piska bat duen elikagaia "gris" ipintzen da eta almidoi asko baldin badu, iodina "beltz" jarriko da. Babarrunak? Beltz. Eta ilarrak. Ogia, "deskarao". Aguakatea, platanoa, patata... Etxeko guztiak nazkatu nituen nire esperimentuekin, baina bide bat egiten ari nintzen. Hona hemen liburuaren zortzigarren kapitulua laburtuta. Hasteko, zure burua konbentzitu behar duzu almidoiak zuretzako duen garrantziaz: hamabost egun pasa ogirik gabe. Hori erreza da. Bi astetan zure egoeran hobekuntzarik ez baldin baduzu igerri, utzi kontu guzti hau alde batera, beste zerbait bilatu beharko duzu. Baina zure egoera piska bat goxatu baldin bada, hasi zaitez dieta hau egiten poliki poliki. Okerrenak kendu estraina: zerealak eta legunbreak. Batetik, arto, gari, garagar eta abarrekin egindako edo nahastutako guztia: ogia, irina, pastak, pastelak, saltsak... Dena. Eta bestetik, lentejak, babarrunak, garbantzuak, babak, arto goxoa... Arroza eta patata. Oraindik sintomak baldin badituzu, bigarren talde hau eliminatu: arrozez eta patataz egindako guztia. Bejetal egosiak. Oraindik sintomak baldin badituzu, utzi porruak, ilarrak, bainak, azanarioak, piperrak, azak, azaloreak, kalabazinak. Badirudi, kentzeko alderantzizko ordenean hasi behar dela berriro jaten, baldin eta osasun egoera hobea baldin bada. Garbi dago bestalde almidoi piska bat duten berdurak gordinik janez gero ez direla hain kaltegarriak, egositakoan almidoi horretan gertatzen direla aldaketa batzuk eta prolemak sortzen dituztela. Bai dieta berezia! Ni ia haragi guztia utzita nengoen aurretik, eta begira orain dieta honek uzten didala jaten haragia, arraina, arraultzak... eta entsaladak, kamioika entsalada. Alkohola, kafea, edariak... Almidoirik ez badute, libre. Carol Sinclairrek aipatzen du dieta hau gure kobazuloetan bizi ziren gizakien dietaren antzekoa dela: ehiza eta bazterretan biltzen dena. ("Ehiztari-Biltzaileena"). Etxean bromak egiten aritu ginen honekin, "Dieta Paleolitikoa" dirudiela eta abar... eta horra non hori ere asmatuta dagoen! Dieta Paleolitikoa. Puntu honek anekdotiko itxura du baina honela esplikatzen du kontzeptu hau Interneten aurkitu dudan mediku batek: gizakia milaka urtez dago lur gainean, bakarrik milaka gutxi batzuetan ezagutu dugu nekazaritza, bi mendez bakarrik industria, eta janari azkarrak bi belaunaldiotako kontua dira. Aldiz, gizakion geneak oraindik ere duela 40.000 urtekoak berak dira. Hori horrela bada, badirudi gure janaria ere ordukoaren antzekoagoa egin beharko genukeela. Almidoia eta karbohidratoak, gai hau da gakoa. Almidoirik gabeko dietak eliminatzen ditu: nekazaritzak ekarri dituen zerealak eta karbohidrato elaboratuegiak. Karbohidratoak hiru klasetakoak dira. Monosakaridoek ez digute inolako kalterik egingo: glukosa (mahatsetakoa), fruktosa eta galaktosa (esneak duena). Eztia ere monosakaridoa da. Disakaridoekin kontuz ibili behar dugu: sukrosa (azukrea, zuria bezala morenoa), laktosa eta maltosa (hazi jerminatuetan dagoena). Eta azkenik, polisakaridoa: almidoia. Hau da eliminatu behar duguna, gure gorputzari arazoak sortzen dizkiolako. Gainera Sinclairrek zenbait aholku gehiago ere ematen digu. Kolesterola eta hipogluzemia. Dieta honek kolesterola ondo kontrolatu beharra dakar, esan beharrik ez dago. Horretarako, ezaguna da haragi batzuk besteak baino hobeak direla, arrai batzuk besteak baino hobeak, eta abar. Hipogluzemia berriz karbohidratoak kentzeari lotuta dago. Ordainetan, batez ere fruta asko jatea dirudi arrazoizkoena. Jenio txarrarekin kontu. Batez ere ogirik ezarekin, gorputzak hutsunea nabaritzen du, eta jenio aldaketa handiak egon daitezke. Onena, maiz jatea, hiru aldiz izateko partez egunean sei aldiz, edo behar denean. Almidoi erdia ahoko txistuak desegiten du: mantxo jan, oso ondo mastekatu. Janariak gutxi egosita eta hoztu baino lehen jan: dagoen almidoia egostean aldatzen baldin bada, berriro aldatzen da hozten denean. Ez erre: pankreasak desegin behar du beste almidoi erdia, eta tabakoak hau inhibitzen duela dirudi. Digestioa azkartu dezaketen edariak kendu, kafea adibidez. Otordu ondoan, atseden hartu. Grasa sartu dietan: esnea, mantekila, arraia edo haragia, olioa. Behar bada ("behar bada" ipintzen du Sinclairrek ere) ez da komeniko janariarekin batera ur asko edatea, almidoia desegin behar duten enzimak uretan diluitu ez daitezen.
Dieta ikasten eta frogatzen hasita, berehala ohartzen da norbera bakoitzak
bere gorputzaren eta arazoen neurrira egokitu behar duela. Ni ere 2001eko
udatik mila kontu berezi eta zehatz irakurri, probatu eta onartu edo baztertzera
behartuta aurkitu naiz. Eta guzti horien artean, badira aholkuak arrazoizkoak
diruditenak: Ikasketa guzti honetan John Merchant izan da gizon klabe bat. Kickas-en foroaren barruan, NSDaz dauden teoriak bildu, medikuekin hitz egin, XX. mendean artritisaren inguruan landu diren teoriak eta irtenbideak aztertu... guzti hori zehatzen egin duena bera da. Foro berrian DragonSlayer ezizena erabiltzen du eta 2001eko iraila arteko elkarrizketak biltzen dituen foro zaharean JohnCalif. Foroak eta beren artxiboak oso organizatuta daudenez, merezi du gizon horren posta guztiak eta horien inguruko elkarrizketak begiratzea. Merchanten lanetarako loturak eta bere "Surviving the Autoimmunity Challenge" liburuarekikoak ere Almidoi Gabeko Dieta atalean daude. 2002ko
udan, beste dieta esperientzia ezberdin bat ezagutu nuen, Nafarroa Behereko
Baigorriko kinesiterapeuta lagun baten bidetik. Jean
Seignalet Monpellierreko inmunologo ospetsu batek "L'Alimentation
ou la troisieme medecine" izeneko liburuan proposatzen duen errejimena
da. Antzinako Dieta, Desintoxikazio Dieta, Dieta Hipotoxikoa... izen horiek
erabiltzen ditu, eta Dieta Paleolitikoa ere izendatu dezakegu. Hortik aurrera, pertsona bakoitzaren kasuistika sartzen da eta mila gauza ikasi edo erabaki beharrekoak. Nik NSD eta Seignaleten dieten konbinazioa egiten dut, baina gainera janari batzuek alergia edo intolerantzia gisako erreazioak sortarazten dizkigutela nabarmena da. Batzuei arrain urdin edo berdeak azaleko psoriasia gaiztotzen die. Beste batzuek gorabeherak dituzte tipula, porru eta esparragoak dituzten Frukto Oligo Sakaridoekin. Hitz bitan: dietak emaitzak eskaintzen badizkigu, obligatuak gara ermitaño edo anakoreta moduan bizitzera, emaitza horien poderioz gure egoera estabilizatu arte bederen. Eta ondoren, baztertu ditugun janarien artean arrisku gutxien dutenak berriro dastatzen hasi, piskanaka. Holako prozeso bat mantso doa. Kontsolamendu bakarra daukagu: hondatzen urte luzeak eman ditugula, eta orain ordainetan beste batzuk inbertitu behar direla. Badira aste eta hilabete gutxitan aurrerapen nabarmenak egiten dituztenak. Beste batzuek, urte betetik gora behar dute. Eta izango dira deusetarako balio ez diotenak ere. Nire kasu propioan, hau da erritmoa: odoleko VSG edo ESRa 83an eta PCRa 70ean neuzkan 2001eko abuztuan; 2002ko urrian 42 eta 19 ziren nibelak. Gauzak ondo badoaz, inflamazio tasa dieta bidez normaltzen bi urte behar izan ditudala esan beharko dut 2003ko udan. (2002ko abendua). Egoera 2005ekok abuztuan Gauza asko gertatu dira nire bizitzan atal hau idatzi eta webean ipini nuenetik. Eguneraketa honetan dietaren eta bere osagarrien alorrean ikasi dudana dut aipatuko (eta alde batera utziko dut aurreko atalean aldaketak egiteko tentaldia). Dietarekin soilik nire egoera erabat hobetzen ez zela eta zenbait esperimentu egiten hasia nintzen, goiko lerrootan kontatu ez banituen ere. Garai hartan egin nituen antibiotikoekin lehenengo ahaleginak, Ziprofloxazinoarekin (Cipro) eta Metronidazolarekin (Flagyl) batez ere. Denbora laburreko frogak izan ziren: garai hartan gutxi nekien artritisetan antibiotikoak erabiltzeko moduez, eta emaitza garbirik ez nuen ikusi. Apiterapiarekin ere hasia nintzen saio batzuk egiten horretan zebilen lagun erlezain batek lagunduta. Propoliarekin hobekuntza nabaritu nuen. Erleen ziztadak ere frogatu nituen hilabete batez, baina sentsazio txarrez utzi ninduten, agian sendabidean jarri aurretik askotan gertatzen den okerragotzea eragin zidatelako. Saio hauek denak zihoazen logika bikoitz baten bidetik. Batetik antibiotikoak eta propolia erabiliz lortu nahi nuen nire hesteetako bakterioak borrokatzea. Antibiotikoak Artritisa Borrokatzeko atalean biltzen da harez geroztik horri buruz ezagutu dudan informazioa. Bestetik, apiterapiak aipatzen du sistema inmunitarioa berriro bideratzen lagun dezakeela, batez ere erleen pozoiaren bitartez. Baina 2003ko otsailean Euskaldunon Egunkariaren itxiera izan zen tsunamiak erdiz erdi harrapatu ninduen. Orduan gertatutakoez ez dut oraindik inon idatzi eta ez naiz hemen hasiko. Esango dut "eskurtsio" hartatik itzultzean, emazteak 45 kiloko arraia hartu zuela etxean, ofizialki neumonia larri batetik sendatzen ari nintzena. Zotza baino meheago eta indarrik gabe nengoen etxeratu nintzenean. Eta hala guztiz ere, egoera hartan espero zitekeena baino malgutasun handiagoa zuten nire giltzadurek. Hiru bat hilabetetan antiinflamatorio gutxirekin moldatzen nintzen, eta egoera berezi horrek niretzako esplikazio posible bat zeukan: antibiotikoak, neumonia handia sendatzeko hospitalean eman zizkidatenak. Espondilitisa duten gehiagori ere irakurria nion gauza bera gertatu zitzaiola. Hori ote zen? Ala ospitalean emandako beste zerbaiten (kortisona adibidez) ondorioa zen? Ezin jakin, ospitaleko informaziorik ere ez neukan eta. Edozein gisaz, argitzen dut nire dietarekin segitu nuela beti, bai han -egoerak behartutako salbuespenekin, noski- eta bai itzulitakoan hemen. 2003ko udatik aurrera okerragora egin nuen, eta errejimena zorrotz egin arren bolada hobeak eta bolada kaxkarrak neuzkan. Urte horretan hasi nintzen animalietatik egndako txertoekin lan egiten duen mediku batekin inmunoterapia hartzen. Nahiz eta mediku honek erabiltzen duen txertoa hori bera ez den, Suitzako Serolab laborategien gunean esplikatzen da mota honetako inmunoterapiaren logika, gure inmunitate sistema berriro lanean zuzen jartzeko helburua duena. 2004ko udan krisi berri bat izan nuen eta berriro makila behar nuen ibiltzeko; eta 2001ean hainbeste kostata utzi nuen kortisonari heldu behar izan nion berriro. Baina 2004ko udazkenean hasi zen ostera nire egoeraren hobetzea. Denbora honetan dieta osatzeko bi gauza egin ditut. Batetik aipatu inmunoterapia tratamendua dago, zenbait homeopatia produkturekin osatuta, eta teorian epe ertain eta luzera bere fruituak erakutsi behar dituena. Bestetik, apiterapiara itzuli nintzen 2004ko udazkenean. Erleen propoliarekin hasi eta bi hilabeteren buruan nire botika beharrak honela aldatu ziren: egunero 150 mg Indometazina eta 0,25 mg kortisona hartzetik, egunero 75 mg Indometazinarekin (kortisona malditoa utzita) aski izatera pasa nintzen. Ondoren, hobetzeak etengabe segitu du. Laster makila utzi nuen, eta 2005 honetan 25 mg Indometazinarekin moldatzera iritsi naiz. Azken urteotan ibili naizen ondoena nabil. Irail hasieran eginiko odol analisiak eman zuen Abiadura (VSG) 27an neukala eta C Proteina Erreaktiboa 8an. Hori bai, Espondilitiak urteotan egindako kalteen ondorioak hor daude, fusionatutako ornuak, hondatutako belauna, hainbat artikulazio gogor samartu... Erleen propolia artritis batean nola erabili atal berezi batean dago ipinita. Agian laster hasiko naiz erleen eztenkadak berriro hartzen, bai oraindik gaitza kontrolatzeko falta zaidan bidea egiteko eta bait orain arte Espondilitisak eragindako sekuelak gozatzeko. Froga egiten badut, lortutako emaitzen albistea emanen dut. Lau urteko bide luzea eta gero zer esango nioke nik Espondilitisa diagnostikatu dioten pertsona bati? Labur esanda: gaitza funtsean hesteetan daukazu. Lehenengo, hasi ezazu dieta (ez almidoirik, ez esnekirik) modu ozo zorrotzean, eta hobetzen zaren neurrian joango zara dieta lasaitzen. Eta horrekin batera, hasi erleen propolia hartzen dietaren osagarri. (2005eko iraila) (1) Carol Sinclairren liburuaren edizio berri bat 2005ean plazaratu da The New IBS-Low Starch Diet izenarekin. Eta oraingoan hitzaurre berria Alan Ebringer doktoreak egin dio.
|
|