lehen orrira itzuli
Ir a la página en castellano

Erleen Propolia: gure hesteak behar duen
antibiotiko eta fungizida naturala

Erleak eta bere produktuak gaitz askoren kontra erabili ditu gizakiak oso aspalditik. Apiterapia deitzen zaio erleekin sendatzeko sistemari, eta mundu osoan zehar mediku askok erabiltzen dute. Bibliografia zabala eta oso zehatza dago apiterapiaren inguruan.

Niri erleekiko interesa (gure gaitzarekin lotuta) zenbait lagunek piztu zidaten. Tolosako Luis Mari Intza erlezainak apiterapiaren ezagutza zabala du eta bide honetatik saiatu behar nuela egiten zidan aholku. Horren eskutik ezagutu nuen Julio Cesar Diaz mediku apiterapeuta argentinarraren “Apiterapia Hoy” liburua; liburua oso interesgarria da eta bere egilea mediku jakintsu, aurrerazale eta militantea. Gaur euskaraz badago liburu horren bertsioa, "Erlea gure sendagile" izena duena. Beste aldetik, espondilitis ankilopoietikoa daukan beste lagun atxabaldar bat bere soinean probatua zen apiterapia Madrilgo apiterapeuta ezagun batekin, eta ahalegin haren oroitzapen ona zeukan.

Gure artritisaren kasuan, apiterapeutek erlearen produktuak sinergian erabiltzea gomendatzen dute:
- pozoia (apitoxina), bai erleak zuzenean ipiniz larruazalaren gainean edo bai injekzio moduan.
- polena, multibitaminiko eta multimineral oso ona delako.
- erregina-jelea bere propietate ugariengatik.
- eztia.
- propolia.

Batetik hasi behar eta, nire hautua propoliarekin hastea izan da. Hona arrazoiak: 1) polenak almidoia dauka eta gramo gutxi jaten diren arren inflamazio betean egonik beldurra ematen zidan nire errejimena horrekin hausteak; 2) erleen ziztada hartzeak profesional baten gidaritza eskatzen du; 3) apiterapiari buruzko literaturak propolia egiten zidan erakargarrien.

(2005eko abenduan hasi nintzen apitoxina hartzen, oso emaitza onekin. "Erleen pozoia artritisaren gozagarri" atalean esplikatzen dut)

Apiterapeuta batzuek tratamendu nagusitzat daukaten pozoiaren osagarri gomendatzen dute propolia, eta nik aldiz tratamendu nagusitzat hartu dut, almidoirik gabeko dietaren osagarri. Eta niri egin didan onura ikusgarria izan dela zertifikatu dezakegu bai nik eta bai lekuko izan den nire emazteak: eta hilabete gutxitan egin dudan hobekuntzaren gitzarria propolia izan dela seguru nago.

Propoli edo propoleoa erleak egiten duen pasta bat da; berarekin ixten ditu erlauntzaren zirrikituak, enbaltsamatzen ditu barrura sartu diren sagu, sugandila eta bestelako xomorroak (hauek akabatzea ez baitute hain zaila, baina gero beren etxetik kanpora ateratzea...) eta desinfektatzen du erlauntzan sartzen den gauza oro. Erleek profilaxiarekin obsesioa dute, habia ttiki batean milaka animaliak bizi behar dutelako. Propolia egipziarrek beren momifikatze lanetan erabiltzen zuten, eta geroztik hainbat erabilpen eman zaio. Gure artean hedatuena: eztarriko eta ahoko infekzioak sendatzeko hemengo hainbat jendek hartzen du, askotan gargarak eginez, eta abar.

Nire esperientziara etorrita, 2004ko udazkenean desesperatu samar nengoen: hainbat terapia xuxen egiten nuen, Almidoirik Gabeko Dieta zorrotz praktikatzen nuen, antibiotikoak (minoziklina) hartzen ari nintzen Road Back Foundationen protokoloari jarraiki eta medikuak gainbegiratuta... eta hala eta guztiz ere abuztutik krisialdian murgilduta nengoen. Kickas.org-eko lagunekin hitz egindakoetatik iritsi nintzen ondorio honetara: oso posible zela Candida Albicans arazo bat edukitzea hesteetan zabaldua (lehendik hondatutako hestean gainera antibiotiko batek bakterioak akabatzen dituenean honddo horrek bere inbasiorako lekuak libre ikusten dituelako), eta hori ez izatekotan, halako beste onddo, parasito edo bakterio infekzioren bat. Candida Albicans-en susmotan egoteko arrazoiak ez ditut hemen azalduko; aski da Google-n bilatu eta irakurtzea sintoma ezagunak zeintzuk ziren. Artritiko askok daukagu nekez diagnostikatzeko moduko Candida arazoa.

Candida (edo dena delako infekzioa) borrokatu nahian gogoratu nintzen hainbat artikulutan propoliari buruz irakurritakoez. Propoliak, izan ere, hainbat ezaugarri interesgarri badu artritikoontzako: bakterizida eta fungizida oso ona da, parasitoen kontra botika estandarrek bezain emaitza onak eskaintzen ditu (giardiaren kontra adibidez metronidazol droga bezain eraginkorra da), badu eragin antiinflamatorioa ere, inmunomodulatzailea da... Berriro irakurri nuen propoliaz dagoen bibliografia zabaletik zenbait gauza, tartean FAO Munduko Janari eta Nekazaritzaren Erakundeak (Nazio Batuen Erakundearen mendeko elkartea da) erleen produktuez daukan informazio aberatsa, eta froga egitea merezi zuela erabaki nuen.

2004ko urriaren 20an hasi nintzen goizean 30 tanta (propolia alkooletan diluitua %25ean) eta arratsaldean beste 30 hartzen. Une hartan Inacid 150 mg hartzen nuen eta berriro hasia nintzen aspaldi samar utzitako kortisona hartzen (2,5 mg). Krisi luzea nekarren abuztutik aurrera. Bada, propolia hartzen hasi ondoren hobekuntza izugarria eduki nuen: abenduaren 20an (bi hilabete beranduago) kortisona berriro arras uzteaz gain aski nuen 50 edo 75 mg Indometazinarekin. 2005ko maiatzean 50 mg Indometazinatan estabilizatuta neukan nire antiinflamatorio beharra. Baina horrez gain, nire egoera orokorra asko hobetu ze; tarte horretan makila utzi ahal izan nuen berriro eta nire ibilera eta malgutasuna asko arindu ziren. 2005eko udazkenean 25 mg Indometazina aski nituen, eta batzuetan bi egunez behin ere bai.

Odol analisiek hobekuntza bera zertifikatu zuten: azaroaren 9an (propoliarekin hasi berritan) Odolaren Sedimentazio Abiadura (OSA) 92 neukan eta Proteina C-Erreaktiboa (PC-E) 40; otsailaren 24an OSA 40 eta PC-E 18. Beste seinalea: azaroan 37an neukan hematokritoa eta otsailean 40ko minimoa gainditu nuen, aspaldi lortzen ez nuena. Bestalde, ditudan psoriasi orbanek hobera egin zuten (horietako batzuk gainera, gogaikarrienak, desagertu egin ziren). Eta pisua irabazten hasi nintzen... azkenean!

Gauzak garbi uzteko, esan dezadan propoliaz gain best bi aldaketa txiki egin nituela nire tratamenduan. Mediku batek proposatu zidan Koltxizina hartzea dosi minimoan, 1 mg egunean; bere ustez azido urikoa eliminatzeko arazoak eduki nitzakeen (beste artritiko batzuek ere badute arazo hori) eta gotaren kontrako medizina hori hartzeko aholkua eman zidan. Gero jakin nuen koltxizinak berak ere baduela ahalmen antiinflamatorioa. Botika zaharra eta merkea da koltxizina, gaur generikoan bakarrik saltzen dena. Bestalde, multi-vitaminiko eta multi-mineral berri bat hartu nuen egunean bitan: garagar landareen zukua. Garagar landare oso gazteen zuku liofilizatua da nik hartzen dudana, baina badago pilulatan ere, eta Ameriketan likidoan saltzen dute. Suplemento honen bertuteak leku askotan daude deskribituak. Nire hematokritoaren hobekuntzak (artritisak berekin dakar sarri halako anemia bat) zerikusirik izan behar du garagar zukuaren bertuteekin.

Gaur egun nire planteamendua propoliarekiko hau da: Espondilitisaren sorburua hesteetako infekzioan dugunez, Almidoirik Gabeko Dietaz gain antibiotiko-fungizida tratamendu bat behar dugu askok, gaitza egoskorra edo zahartua dugunok. Antibiotikoen erabilera kapitulu berezi batean esplikatu dut Izorrategi honetan. Ideia horren haritik, badirudi nire kasuak erakusten duela propoliak antibiotiko natural moduan funtzionatzen duela, farmazietan saltzen diren antibiotikoen kontraindikaziorik gabe, hau da, adibidez, onddoen infekzioa ere oztopatzen duela, eta hestea sendatzen laguntzen. Ez dut inorekin polemikatan sartzeko asmorik propoliak beste botika batzuen aldean dituen abantailak defenditzeko: aldez aurretik argi utzia dut ez naizela medikua, eta gainera bada gai hauek argitzen laguntzeko behar adina dokumentazio. Hori esanda, bai diot argi eta garbi niri mesede handia egin didala propoliak, pertsonalki ezagutzen ditudan beste zenbait artrikikori egin dien bezala.

Propolia hartzerakoan, izatekotan ere, bi gauzarekin izan behar da kontu, nire ustez. Batetik, tratamendua hasterakoan mantso hastea komeni da badaezpada ere, diarrearik eman ez dezan: 10 tanto goizean eta 10 arratsean, adibidez, eta egunero bost gehiago (bi hartualdietan), eguneroko bi edo hiru aldiz 30 tantotan estabilizatu arte. Baraurik edo aurreko azken otordutik ordu bete utzita, eta hurrengo otordua baino ordu erdi lehenago, horrela hartzeko aholkua eman didate, eta horrela egiten dut. Bestetik, laktobazilo edo bifidusak hartu, hesteak berriz bakteria onez hornitzeko.

Propolia saltzen da beste formulazioetan ere ahoz hartzeko, oliotan diluituta edo kapsuletan, lehorrik; berrikitan jakin dut hidro-alkooletan ere saltzen dela. Nik ez ditut frogatu, eta alkooletan diluituaren aldean zer egiten duten ezin dut esan. Alkooletan %25-30eko proportzioan diluitutako tantoen dosiak: apiterapeutek egunean 30 tanto bitan edo hirutan hartzeraino igotzen dituzte. Ni lerrook idazteko unean (2006eko martxoan) hala ari naiz hartzen eta oso ondo nabil.

Propoliaren onurak ikusita, apiterapeutei kaso egin diet eta erleen beste produktu pare bat ere hartzen hasi naiz, hiruren artean sinergia sortzen delakoan: polena eta eztia. Polena multivitaminiko eta multimineral oso ona da, onenetakoa. Luzaz ez nintzen ausartzen, polenak %20 arteko almidoia eduki dezakeelako. Baina hasi nintzen azkenean (goilarakada batek dituen 10 gramoetan almidoi gutxi egon behar duelakoan) eta berehala ohartu nintzen oso ongi toleratzen dudala.

Eztia berriz azukre oso ona da, fruktosa, eta guretzako sakarosak dituen kalteak ez ditu ekartzen. Eztiaren eta sakarosaren arteko ezberdintasuna espondilitisaren eta Klebsiella famatuaren beharren arabera hau da: sakarosa di-sakaridoa da, eta beraz hestean behe samarrera iritsi behar du (bi azukrez osatutako molekulak deskonposatu beharragatik) odolera pasa ahal izateko, eta hor behean Klebsiella eta beste bakterioen bazka izango da. Aldiz eztia –fruktosa bat denez, eta mono-sakaridoa beraz- berehala dago odolera pasatzeko prest, eta bere transformaziorako gure gorputzak erabili behar dituen gainerako mineral, entzima eta aminoazido guztiak berekin daramatza.

Azkenean, polen-ezti bikotea oso inportantea da guretzako, artritisaren ondorioz anemiarako joera handia baitugu.

Hain nago konbentzitua gaur egun propoliak Espondilitisa daukagunoi egiten digun onuraz, ezen eta orain diagnostikatu berriak direla eta galdezka etortzen direnei esaten baitiet: hasteko, ekin Almidoirik Gabeko Dietari zorrotz; eta bigarren, dietaren eragina azkartzeko, hartu propolia.

Propoliaz eta bere efektoez gehiago jakin nahi duenarentzako, hemen zenbait guneren erreferentzia:
- “El Propolis y la Salud”, Valentziako unibertsitateko mediku batzuek egindako ikerketa oso dokumentatua, gaztelaniaz eta ingelesez
- "Propolia, urre gorrizko erremedioa" ARGIA astekarian.
- “Propolis”, FAOren gunean.

GORA ITZULI