lehen orrira itzuli
Ir a la página en castellano

Erleen pozoia artritisaren gozagarri

Honi lotuta, ikusi beste atalok Izorrategin:
-
"Apitoxina - Erleen pozoia", Julio César Díaz doktorearen liburuaren kapitulua.
- "Charles Mraz-ek nora erabiltzen zuen erleen pozoia".

Erlearen pozoia aspalditik erabili du gizakiak erremedio gisa. Baina azken mendean bitxikeria edo herri-jakintzaren sailetik medikuntzarako jauzia egin du. Gure artean erlauntzako beste produktuak dira erabiliagoak -eztia, polena, propolia eta erregina-jelea- baina apitoxinak ere bide luzea egin du osasungintzan.

Nik suertea izan dut Luis Mari Intza adiskide eta erle-jakitunari esker bi apiterapeuta argentinar ezagutzeko. Erdaraz "Apiterapia Hoy" eta euskaraz "Erlea gure sendagile" publikatu dituen Julio Cesar Diaz da bat. 2006an izan zen Gipuzkoan, Ordizian egun osoko ikastaroa eta gainera beste hitzaldi batzuk ematen. Beste medikua 2005ean Gipuzkoan zenbait hitzaldi eman zituen Hugo Agirre doktorea da. Erleen pozoiak duen osaketa, aktuatzeko modua eta erabilpena oso ondo esplikatzen ditu Julio Cesar Diazek bere liburuan: "Apitoxina - Erleen pozoia" atalean irakur ditzakezu liburuan gai honi buruz dauden orrietako batzuk.

Pozoia modu ezberdinetan erabiltzen dute apiterapeutek. Hasteko, batzuek erlea bizirik jartzen dute larruazalaren gainean eta besteek apitoxina elaboratua darabilte injekziotan. Esan behar da injektatzeko apitoxina elaboratuak ez duela minik egiten, erredura eragiten duten osagaiak kendu zaizkiolako pozoiari. Bada beste sistema berezi bat, Apipuntura egiten dutenena: pozoia akupunturako guneetan ipintzen dute. Hala ere esan behar da teknika hau ondo erabiltzeak apiterapiaz gain akupuntura eta medikuntza txinatarra edo japoniarra ezagutzea eskatzen dituenez, apiterapeuta gehienek ez dutela horrela erabiltzen apitoxina edo pozoia.

Apitoxina elaboratua erabili ala erle bizien ziztadak? Normala denez, mediku apiterapeuta askok eta horien bezeroek nahiago dute apitoxina usatzea. Batetik, minik egiten ez duelako. Bestetik, injekzio batean erle askoren dosiak sar daitezkeelako, horrela injekzio gutxiago eta medikuarenganako bisitak urriago behar direlarik. Aitzitik, erle biziekin lan egitearen aldeko arrazoiak ere ez dira gutxi. "Produktua" merkeagoa da, naturalagoa eta gaixoari autogestionatzeko bidea uzten dio: alergiaren froga egin eta plan orokor bat osatu ondoren, norbera ondo moldatzen da erlezainen batekin tratua eginda edo are hobeto, noberak bere erleak edukita. Europako txoko honetan apitoxina erabiltzen duen medikurik ez denez, erle bizia erabiltzea beste biderik ez da.

Zenbat erle-ziztada? Horretan ere estiloak eta "eskolak" badira, eta gaixoak berak bere bizitzako une batean nahiago izan dezake batera edo bestela funtzionatu. Apiterapeuta batzuek erle gutxi batzuk gomendatzen dituzte, 6-8 adibidez, astean hirutan, minak dauden lekuen inguruetan, hori bai, denbora luzez. Sistema hau arazo lokaletarako egokia da, baina -normala denez- onurak geldoago erakusten ditu, eta aldi berean gaixoarentzako eramangarriagoa da, hasieran batik bat. Beste apiterapeuta askok mediku klasikoen bidea jarraitzen dute: hasi gutxirekin, baina ziztadak ugaritu eta aste pare baten buruan sartu 15-20 ziztada (edo gehiago) astean hirutan jartzeko dinamikan. Klasikoen helburua zera da: gorputza erlearen pozoiz saturatu eta gizakiak erreakzio immunologiko bat eduki dezala, gero ziztadak gutxitu eta ondoren berriro aurreko kopuruetara itzulita ostera beste erreakzio immunologiko bat lortu, eta prozesu hori behar adina aldiz lortzea. Erreakzio immunologiko hori gogorra izaten da, gaixotasuna bere gogorrenean azaltzen baita. Baina klasikoek hori ikusten dute gaitza kontrolatzeko bide bakartzat.

Neronek burutu ditudan bi saioetan, lehenengoa 2002ko udazkenean egin nuen, hilabete gutxikoa. Erle gutxirekin hasi eta kopuru horiek igoz joan nintzen: bi ziztadatik hasi eta 16 jartzeraino iritsi nintzen, helburua kopuru handiagoetaraino iristea zen arren. Pozoiak soinean egun batzuetako iraupena duenez, hilabeteko epean gorputzean pozoi asko pilatzen da eta une batean horrek erreakzio gogorra eragiten du. Apiterapeutek diote erreakzio hori bilatzen dutela eta Espondilitisa inmunitatearekin lotutako gaitza denez, oso logikoa dirudi. Beste terapia ezberdin batzuek ere eragiten dute erreakzio gogor hori, eta hortik pasa beste erremediorik ez da, gaitzaren inflamazio prozesua eten nahi bada. Gaixoarentzako oso latza gerta daiteke, ordeam batez ere hasieran. Nik neuk, eten egin behar izan nuen.

Bigarren aldian -2005eko udazkenean hasita- formula moderatuagoa erabili nuen hasieran, Hugo Agirreren gomendioz: astean bitan 6-7 ziztada aldiko. Egia esan, nire egoera ezberdina zen bigarren saio honetan: almidoirik gabeko dietarekin eta propolia hartzearekin nire inflamazioa kontrolpean neukan iada. Orain nire helburua ez zen espondilitis erasoa geldiaraztea, baizik eta epe luzerako hobekuntzak bilatzea.

2005eko abendutik aurrera, hilabete luzez erleak jarri nituen: belaunetan eta orkatiletan bana eta beste bi bizkarrezur inguruan, batzuetan suprarrenaletan eta sakroiliakoen inguruan besteetan, gehi propinazko eztenkadaren bat. Beranduago, hilabete batzuetan aritu nintzen sistema "gogor" edo klasikoan, astean hirutan 16-18 erle ipiniz, eta harrez gero ez nuen sentitu hasieran nabaritu nuen okerragotze kritiko hartarik. Egia da ere hainbeste denborako esperientziarekin erleari beldurra galtzen zaiola, eta norberan terapia kontrolpean edukitzeak asko errezten duela bidea.

Erle-ziztada hartu duenak badaki minutu erdiko errealdia eragiten duela, gero halako kozkor bat uzten duela egun baterako eta tarteka azkura ere ematen duela; baina jasangarria da. Hala ere, gauza batez bai ohartu gara: pozoiak erreakzio berezia egiten du inflamazio hondarren bat edo artrosiaren eraginak dituzten puntu jakin batzuetan. Nabarmena gertatzen da hori nigan belaun batean; urte askoko inflamazioek oso andeatu didate belaun bat (kartilagoa hondatu, fibrosiak eragin, eta abar) eta hori bereziki handiarazten du pozoiak egun bat edo birako, batik bat erlea belauna gehien izorratuta dagoen puntuan ipiniz gero. Baina ziztaden poderioz, belauna tankera askoz hobea hartuz joan da hilabeteotan, ikututakoan hezurrak eta ligamentuak nabari daitezke, ez du gehiago likidorik sortzen, fibrosi konponezinak ziruditenak gorputza bera iresten ari dela dirudi.

2006ko martxoan hau idatzi nuen hementxe: "Epe luzerako inbertsio moduan planteatzen dut orain erleen pozoia. Batetik, urte pare bateko epean ikusi nahi dut zein neurritaraino hobetzen diren espondilitisak orain arte eragin dizkidan sekuelak (artrosiak, tendoien kaltzifikazioak eta fusioak). Duela gutxi arte hori ezinezkoa zela etsita nengoen, izorratutakoa betirako zegoela gaizki; baina hilabeteotan itxaropen berriak piztu zaizkit. Bestetik, apitoxinak sistema inmunologikoa erregulatzen laguntzen duela diote (propoliarekin batera) eta hori ere ikusi nahi dut. Bitarte horretan, Dena dela, dieta+propolia formularekin lortutako hobekuntzan segitzen dut ziztadak hartzen hasita gero, eta espondilitisak egiten dizkidan erasoak arinagoak eta laburragoak dira". 2008ko otsailean ari naiz eguneratzen atal hau, eta esan behar dut segitzen dudala erleak jartzen, astean hirutan 6-8, bi belaunik okerrenean, bat lepagainean (zerbikalak) eta gainerakoak bizkarrezurrean, etab. Eta horrela segitzeko asmoa dut.

Gainerakoan, apiterapeuta bat, nire ustez, beharrezkoa da hasieran: alergiaren froga egin, plan orokor bat martxan jarri, jarraipena egin, eta abarretarako. Baina gero, batez ere espondilitisaren inflamaziozko aldia etetea lortuz gero, nor bera maneja daiteke ondo. Euskal Herrian behintzat errez aurki dezakegu astean erle batzuk emango dizkiguna, erlezainak jende solidario eta jakintsua dira eta. Denborarekin, norberak bere aldetik edo beste lagun batekin erlauntza batzuk jartzea izan daiteke hurrengo urratsa. Horra espondilitisak eskaini digun beste oparia.

"Hernaniko Kronikoak" eta erleak (2008ko apirilean)

"Hernaniko Kronikoak" deitzen diogu gure eritasun kronikoak samurtzeko erle ziztadak erbiltzen ditugun talde txiki bati. Une honetan Euskal Herriko eguneroko-egunkari bakarra den "Hernaniko Kronika"rekin egin nahi du hitz-jolas golfoa. Hona hemen laburbilduta zertan ari garen Hernanikoak eta ez-Hernanikoak garen kroniko batzuk.

A Espondilitikoa. "Martin" (izen gezurrezkoa da) ez da Hernanikoa baina bai espondilitikoa. Gizonezko gaztea (40 urte 2007an), bi haur txikiren aita, irakaslea. 2007ko uda arte ez zuen egiten Almidoi Gabeko Dietarik, 50 mg Inacid eta Salazopirinarekin moldatzen zen bizi normala egiteko. Duela urte batzuk Madrilgo apiterapeuta famatu batek artatu zuen, eta "Martin" oso gustora zegoen haren formulak (polena+propolia+erleen ziztadak) eman zion emaitzarekin. Gainera, 2003an esan zidanez, erleen pozoia hartzeari utzi eta hilabete batzuetan ere segitu zuen horren onurak sentitzen. Hau izan da nik ezagutu dudan lehen espondilitisdun erleekin aritua, eta bere esperientziak animatu ninduen ni ere hastera. Baina erle kontuak utzita zeuzkan, 2006an Julio Cesar Diaz medikua ezagutu, honek animatu eta berriro hasi zen arte. 2007ko udaberrian kontatu zidan erleak utzi zituela, bakar bat jarrita ondoeza eragiten ziolako, halako alergia itxurako zerbait. Elkarren artean komentatu genuen nola esplikatzen dituen holako kasu bereziak (alegia, alergikoa ez dela frogatuta dagoen pertsonari mota horretako erreakzioa eragitea) Bodog F. Beck mediku apiterapeuta klasikoak ("The Bible of Bee Venom Therapy"): honek azaltzen ditu antzeko kasu asko, eta dio beti direla edo immunitate sistema oso apalduta daukaten pertsonak, edo pertsona osasuntsuak ahulaldi momentuzkoetan (bazkari handi baten ondoren, emakumeak haurdun edo hilekoarekin, estresaldi gogorrean...) harrapatu dituenak. Hain zuzen ere, "Martin" laguna estres aldi gogorra ari zen pasatzen, eta gainera eskumuturreko min handiak zituen. 2007ko irailean operatu zuten eskumuturretik, eta geroztik are handiagotu zitzaizkion minak giltzadura guztietan, behar bada lehendik zekarren okerragotze orokorrari gehitu zitzaiolako operazioak eta eskumuturrean ipinitako titaniozko piezak eragindako erreakzio immunologikoa. 2007ko udazkenetik Almidoi Gabeko Dieta egiten hasi da, eta 2008an berriro erle bakan batzuekin ziztatzekotan da. Baina lerrook idazteko unean bere gaixotasunak sekulako krisia bizi du, Baigorriko kinesiterapeuta jator batek esango lukeen moduan "inarrosaldi" betean dago.

B Espondilitikoa. "Fidel" gizonezko gaztea da, Hernanikoa, 40 urte inguru, lanean ordu asko egiten dituena. Bai egiten du Almidoirik Gabeko Dieta, propoli eta polenez osatzen duena. Normalean 75 mg. Inacid hartzen du, eta bizimodu ia normala darama, krisian ez dagoelarik. Min handiak pasatzen ditu boladaka, baina ez dauka giltzaduretako fusiorik. 2007ko udaberrian hasi zen erleak jartzen, astean 5 egunetan 8-10 ziztada. On egiten diotela dio "Fidel"ek, botika kopurua zerbait gutxitu duela, lehen baino askoz gutxiagotan geratzen dela ezin mugiturik blokatua, eta krisiak gutxiagotan nozitzen dituela. Dena dela, 2007ko neguan krisi gogorra nozitu du, dieta, erle, propoli eta guzti. Negoa pasatzearekin berriro bere onera datorrela dirudi. Bera moldatzen da erle guztiak jartzeko bere buruari, baita bizkarrekoak ere, eta mina daukan puntuetan jartzen ditu, baita esternoi aldean ere batzuetan. Aurrerantzean ere segituko du erleak jartzen.

C Espondilitikoa. "Joan" 45 urte inguruko gizonezkoa da, Hernanikoa. Ez du egiten Almidoirik Gabeko Dietarik, laneko ezintasuna aitortuta dauka aspalditik, espondilitisa oso aurreratuta dauka, bizkarrezurrean fusio asko, giltzurrunetan harriak, eta abar. 100 mg Inacid hartuz moldatzen da aspaldion, baina mugitzeko arazo askorekin. 2005an propolia hartzen hasi zen, eta horrek soineko psoriasi puntuak asko hobetu zizkiola dio. Polena ere hartzen du. Erleen ziztadekin 2007ko otsailean hasi zen. Astean hirutan beste espondilitiko batek jartzen dizkio 18-20 erle, bi ezkerreko belaunean, bina aldaka bakoitzean, eta gainerakoak sakroiliakotik hasi eta bizkarrezur osoan. "Joan"ek hobekuntza hauek aipatu ditu: ezkerreko belauna jadanik ez zaio handitzen (lehen rodillera zerabilen) eta hobeto mugitzen zaio, pausoa arindu du, aldaka batean urrats bakoiztean sentitzen zuen mina dagoenekoz ez dauka, luzaketa ariketak hobekixeago egiten ditu, lagunek aipatu diote itxura hobea daukala (kolore hobea ere bai), eta aldapetan arinxeago dabil. Beste urte bete behintzat sistema berean segitzeko asmoa dauka. 2008ko otsail honetan pittin bat aldatu egin du ziztadak aplikatzeko metodoa: Chrales Mraz-ek erakutsi moduan txoko minberetan gehiago saiatzen da, ikusiko da ea honek hobekuntza prozesua azkartzen dion ala ez.

D Parkinsonianoa. "Iñaki" 55 urteko gizona da. Parkinsona dauka, gutxienez duela 10 urtetik honuntza. Hernanikoa. Laneko ezintasun absolutoa dauka emana. 2006ko udaberrian hasi zen erle ziztadak jartzen, Julio Cesar Diazekin mintzatu ondoren. Polena ere hartzen du. Parkinsonaren kasuan, apiterapeutek -beste onuren artean- biok azpimarratzen dituzte: batetik pozoiak daukan dopamina (parkinsonianoek dopamina hartzen dute botikatzat) eta bestetik odolaren irrigazio sistema hobetzean burmuinaren egoera hobetzea. Urte eta erdi honetan "Iñaki"k lehengo botika mailan mantentzea lortu du (hortik ulertu baldin badaiteke gaitza gehiagora ez dela joan), eta baldintza horietan hobekuntzok aipatu ditu: lehen sarritan blokeatzen zitzaion ezkerreko zangoa ez zaio blokeatzen, belaunetako mina desagertu zaio, egoera animikoa hobetu zaio (jenioa gozatzea barne), segurtasun handiagoz ateratzen da kalera... Ondorioz, autonomia irabazi du eta berriro hasi da garraio publikoa erabiliz hiriburura joaten, eta abar. Erleen ziztadekin aurrera jarraitzeko asmoa du.

F Espondilitikoa. "Jon" 50 urteko gizonezkoa da. 1987an diagnostikatua, aspaldi eman zioten laneko ezintasuna. Espondilitisaz gain bestelako konplikazioak dauzka. Fusio asko ditu bizkarrezurrean, eskuetako behatzetan okerdura handiak, eta 2008ko urtarrilean min handiak pasatzen zituen. Baxenabarreko gizon honek Jean Seignalet mediku famatua ezagutzeko zoria izan zuen. Haren dieta jarraitu du geroztik, ahalik eta zorrotzena. Jakina da hala ere Seignaleten dieta oso jenerikoa dela, eta espondilitisdun askoren esperientziak erakusten du almidoia otorduetatik kentzen askoz zorrotzago jokatu behar dela. Erlearen pozoiarekin ez baina sugegorriarenarekin esperientzia bitxia izan zuen gure lagunak duela urte batzuk: uda batez belar bilketan familiari laguntzen ari zela, sugegorriak ausiki egin zion eta handik egun gutxira bigarren batek... eta familiakoek harriturik esaten zioten ea zer egin zuen, lepoa lehen baino askoz hobeto mugitzen zuelako. Arinaldi horrek pare bat hilabete iraun omen zion. Pozoiak autoimmunitatezko gaitzetan dauzkan eraginak ondo erakusten ditu ixtorio honek, nahiz eta jakina izan sugeen pozoia gizakiak ez duela oraindik kontrolatu ahal izan, eta erlearen pozoiaren oso desberdina dela. 2008ko urtarrilean "Jon" hasi da Almidoi Gabeko Dieta zorrotzago egiten eta erleak jartzen. Hiru asteren buruan, hau deklaratu du: almidoia hobeto kontrolatu (funtsean arroza eta azenario edo pastenarri egosia otorduetatik kenduta) gehi bi egunez behin 2/4 erle jarrita, berehala nabaritu duela diferentzia; loa hobetu du, gauetan blai egin arte bustitzen zuen izerdia desagertu zaio, belaunetako minak gutxitu... Sei aste pasa ondoren, bi belaunetan ari zen hiruna eztenkada jartzen, lehen baino gehiago ibili arren ez zitzaizkion belaunak handitzen ("alaba harritu da nire belanen itxura aldaketa ikusirik") eta ohartu da orkatilak ere hobetu zaizkiola. Ez dira askotan ikusten halako aldaketa handiak, eta ondoko hilabeteetan zer gertatzen den hurrengo eguneraketan kontatuko dut. Apitoxinaren erabilera aldetik, "Jon"en kasuak badu berezitasun bat: honek kasik antiinflamatoriorik ez du hartzen (parazetamola eta aspirina baizik ez, eta erleen ziztadekin hasi eta zortzi asteren buruan aspirina kendu egin du), beste botikarik ere ez; horregatik"Jon" da gure artean antzarik gehien duena Bodog Beck eta antzinako beste apiterapeutek aurkitzen zituzten artritisdunekiko.

G Espondilitikoa, ni neu. Nire orain arteko esperientzia goiko atalean kontatu dut.

H Espondilitiko gehiago badira erlearen ziztadak erabiltzen ari direnak, posta bidez jakinarazi izan didatenez. Baina haien emaitzen berririk ez dut, ni ere ez naiz ibiltzen-eta noizbait kontu hauetaz mintzatutako beste kideei kontuak eskatzen. Esan gabe doa lerrook irakurrita norbait animatzen bada bere esperientzia kontatzera, hemen ipiniko dudala.

Bukatzeko, oraingoz alegia, erleen pozoia erabili nahi duenak badauzka, ingelesez, bi liburu izugarri onak:
- "Health and the Honeybee". Honen egilea, Charles Mraz (1992an hila) medikua ez baina erlezaina izan zen, baina Estatu Batuetan ziren mediku apiterapeuta onenekin ikasi zuen, eta urte luzez erle ziztadaz artatu zituen beregana etortzen ziren artritikoak. Gizon oso praktikoa, AEBetako Apiterapiaren aitapontekotzat hartua, bere esperientziak biltzen dituen liburu txiki eta praktiko hori utzi zuen. (Izorrategin atal propioa egin diot, liburuaren atal bat euskaratuta: "Charles Mraz-ek nora erabiltzen zuen erleen pozoia").
- "The Bible of Bee Venom Therapy". Bodog F.Beck mediku hungariarra I. Mundu Gerraren ondoren joan zen Estatu Batuetara bizitzera, eta han praktikatu zuen Apiterapia, 1942an hil zen arte. XIX. mende bukaerako eta XX.eko hasierako mediku apiterapeuta famatuak ezagutu zituen, eta ikasi eta esperimentatu zituenak bildu zituen 1935ean publikatutako liburu honetan, azpititulu honekin: "Bee Venom, its nature, and its effect on arthritic and rheumatoid conditions". 1997an berrargitaratuta, errez eskura daiteke.

(2008ko apirilean eguneratua).

GORA ITZULI